Haizea Barcenilla
BEGIZ

Haurrak eta artea

2020ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Nire lagun Amaiaren hiru segundoko audioa iritsi zitzaidan whatsappera. Martxan jarri, eta bere bost urteko seme Oihanen ahotsa entzun nuen, «Haizea, zer da artea?» galdezka. Odola zainetan izoztu zitzaidan. Ez dut umeekin arteaz hitz egiteko ohitura handirik, baina, batez ere, galderaren zehaztasunak urduritu ninduen. Artearen definizioa: ez dira gutxi honen inguruan eztabaidan jarraitzen duten adituak.

Ez nuke nahi Oihanek dena artea dela pentsatzerik. Edo ederra den guztia artea dela. Edo artea beti dela ederra. Ez nuke nahi mundu osoan zehar artea gauza bera denik pentsatzea. Bada bultzada estetiko unibertsal bat, edo berari azaldu nion hitzetan, elementu desberdinak erabiliz, munduaren forman eragin eta zerbait berria sortzeko desira. Guztiok dugu noiz edo noiz bulkada hori, denok ezagutzen dugu. Gizarte batzuek pinturaren bitartez bideratzen dute hau; beste batzuek, dantzaren bitartez; eta bada gorputzean markatutako tatuajeez grin hau azaleratzen duenik ere. Beraz, bulkada denok dugun arren, sortzen duguna desberdina da, eta batzuentzat artea dena besteentzat ez da izango.

Oihanek eta bere anaia Ibaik ulertu zutela esan zidaten. Gogora etorri zitzaidan orain dela aste batzuk Guggenheimen izandako esperientzia. Lee Krasnerren erakusketa ikusi ondoren beste aretoetatik paseo bat eman nuen. Igandea zen, eta, egun horietan umeekin tailerrak egiten dituztenez, familia ugarik museoari bisitatxoa egiten dio ostera. Bildumako Kieferren koadro ikaragarriaren aurrean nengoela, seme eta aita bat hurbildu zitzaizkidan. Lau bat metro izango ditu lanak, eta horietatik hiru testura handiko, bolumen irregularreko eta sartu-irten ageriko gainazal iluna dira, ia beltza, mantxa eta zipriztin argi txikiagoz orbainduta. Beheko partean gizon etzan bat dago, goian duen goibeltasun amaigabeak zanpatuta.

Artelan zirraragarria da, ahalmen espresibo izugarria duena. Hala sentitu zuen haurrak ere: ahozabalik geratu zen horren aurrean, apur bat kikildurik. Aitak, erreakzioa ikusita, zer ikusten zuen galdetu zion; «iluntasuna», erantzun zuen umeak, eta lanak iradokitzen ziona adierazten zuten hitzen bila zegoela agerikoa zen arren, aitak ez zion aukerarik eman: «Zerua da, ezta? Eta puntu zuriak? Puntu zuriak izarrak dira, ezta?».

Umearen ahalmen espresiboa kamustuta geratu zen aitaren tema deskribatzailearen eraginez, eta penaz pentsatu nuen semearen «iluntasunak» aitaren «zeru eta izarrak» baino askoz hobeto adierazten zuela lana. Ez nuke haurtzaroa idealizatu nahi, baina zenbaitetan pentsatzen dut helduok definizioak gauzak ulertzeko beharrean, galderak egin behar ez izateko erabiltzen ditugula; eta umeak helduok baino askoz aseago geratzen direla erabat ulertzen ez dutenaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.