Ismael Manterola
BEGIZ

Ekintza-artea

2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Bartzelonako MACBA Museoak antolatutako Acció. Una història provisional dels 90 erakusketa ikustean konturatu nintzen zein garrantzi txikia izan duen akzioko arteak Euskal Herrian. Esther Ferrer aitzindariaren lana alde batera lagata (kostata lortu zuen onarpen publikoa), performance delako arte mota ez da gehiegi landu den alderdia gure artean.

Bartzelonako erakusketak 1990eko hamarkadan egin ziren ekintzen behin-behineko historia egiteko asmoa badu ere, ederki konturatuko gara ez dela erraza objektuetan gauzatzen ez diren artelanen historia egitea. Horregatik, seguru asko, izan da hain urria artelan mota hauen presentzia erakusketa, katalogo eta historia liburuetan.

Hain zuzen, arte konbentzioei eta, batez ere, arte merkatuari aurre egitean dago ekintza-artearen oinarrietako bat, eta merkaturatu ezin den artelanak ez du ibilbide erraza izaten munduaren alde honetan. Hala ere, azken bost hamarkadek argi utzi dute edozer gauza saldu daitekeela, baita materialetan gauzatzen ez diren artelanak ere. Lekukoak hartu zuen orduan artelanaren tokia: argazkiak, bideoak, erabilitako objektuak edo beste moduko tresnak, eta abar.

Lekukoekin eta dokumentazioarekin osatu dute MACBAko erakusketa, eta, esan dudan bezala, Euskal Herriko adibideak gutxi dira, Kataluniako edo Valentziako adibideekin alderatzen baditugu behintzat.

Badirudi 1990eko hamarkada ez zela oso performatiboa izan Euskal Herrian, nahiz eta uste horrek usteletik zerbait izan. Beharbada, 1990eko euskal artearen kontakizunak hutsuneak ditu, nahiz eta onartzen dudan ekintzak ez zirela ugariak edo kalitate handikoak izan gure artean. Atzera begira jartzen bagara, orain konturatzen naiz Arte Ederren fakultatean lanean hasi nintzenean ikasleen artean ekintzak egitea ohikoa zela, eta sarritan ikasleen lanekin antolatutako erakusketetan ere beti zegoela performance saioren bat. Adibidez, gogoratzen dut neska batek hilerokoak utzitako arrastoan oinarritutako lana ondare erosketa deialdi batera aurkeztu zuenean eragindako zalaparta. Sarritan, ekintza-arteak emakumearekin eta gorputzarekin harremana izaten zuela ezin dugu ahaztu; horregatik ez nau gehiegi harritzen 1990eko kontakizunak hutsuneak izateak. Baina, ikasleak artista profesional bihurtzen ziren heinean, praktika horiek pixkanaka desagertu egiten ziren. Merkatuak artea gauzatzera bultzatutako joera, ala galdutako ausardia?

Oraindik 1990eko oso hasieran Gasteizko Amarika aretoan ikusi nuen lehenbiziko ekintzaren harridura sentsazioa gordetzen dut. Garai hartan oso aktibo zebilen A ua crag kolektiboak antolatutako ekintzan olibak banatu zizkigutela gogoratzen dut, ez askoz ere gehiago. Ez dago Bartzelonako erakusketan jasota. Horrek aukera ematen du pentsatzeko zenbat lan daukagun oraindik arte historialariok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.