BEGIZ

Mistifikazioa

Haizea Barzenilla
2021eko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Badira jada urte batzuk, Museologia eskola bat ematen nengoelarik, Guggenheim museoan egin zen lehen erakusketari buruz hizketan hasi, eta norbaitek ikusi ote zuen galdetu nuela. Galdera egin bezain laster, zahar zein lelo sentitu nintzen: aurrean nituen ikasleak museoa baino urtebete geroago jaio ziren. Bat-batean, etorkizuneko ni-a dokumental itxurako irudi batean imajinatu nuen, agure zahar bilakatuta, liburuz beteriko apalaren aurrean kulunkaulki batean eserita, inguratzen ninduten gazte liluratuei Guggenheima ireki zuen erakusketa mitiko hura kontatzen. Agian, uneren batean iritsiko da historialari gazte bat, titaniozko museoa mirespenez ikertu eta erakusketa horren memoria berreskuratu nahiko duena; eta horren inguruan galdetzen didan bitartean zorte ikaragarria izan dudala pentsatuko du, orduan eta han egon nintzelako.

Zintzoa banaiz, ez dut erakusketa horretako gauza handirik gogoratzen. Carl Oldenburgen badminton pilota erraldoia halletik erortzen eta ezer gutxi gehiago. 16 urte nituen, institutuarekin joan ginen, eta, onar dezadan, arte garaikidea urrun geratzen zitzaidan. Handitasunak erakarri ninduen, ondo pasatu nuen, baina ez nuen bat-batean erabaki artearen historia ikasiko nuela.

Pasarte hau gogora etorri zitzaidan Martin Scorseseren Pretend It's A City telesaila ikustean. Fran Lebowitz idazle eta umoregilea elkarrizketatua da bertan, eta hark ere esaten du jendeak 1970etako New Yorki buruz galdetzen dionean ez duela zer esanik: unean ez zuten hiriaren izaeraren inguruan gehiegi pentsatzen, egunerokoa bizi eta aurrera egiten zuten, eta kito. Izan ere, iragana mistifikatzeko joera dugu, kutsu transzendentea emanez, baina eguneroko bizitzan uneko esperientzia da nagusi, eta historia-ren gisako hitz potoloa gutxitan datorkigu burura.

Aurtengo zenbait ikasle ere etorri zitzaizkidan burura. Lan bat egiteko, Van Goghen eskutitzak eta artelanak aukeratu zituzten askok, eta den-denek errepikatu zituzten ideia berberak: artistaren auto-adierazpenaren bilaketa, artea gizartean onartua izatearen aurretik jartzen duen jenioa... Eta neuk ikusten nuena, bakardadean, eguneroko triste eta errepikakor batean bizi zen pertsona gaixo bat zen. Gaur egun beste asko bizi diren bezala.

Historiak, eta artearen historia ez da salbuespena, arazo handia du mistifikazioarekin. Pasa den guztiari distira bilatzen dio, orainaldiaren ondoan erakargarriagoa egiten zaio. Oso nabaria da, hortaz, garai bat bizi eta horren irudi mistifikatua jaso dutenen arteko distantzia. Bigarren taldetik lehenengora igarotzeak bertigo apur bat eman zidan, baina historiaren eraikuntzaren barne-estrategiak ulertzen lagundu zidan aldi berean. Egia omen da adinak jakintasuna dakarrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.