Haizea Barcenilla
BEGIZ

Erradiografiak

2021eko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Wilhelm Rontgen ingeniariak X izpiak asmatu zituen 1896an. Lehen saiakera arrakastatsuan emazte zuen Anna Bertha Ludwigen eskuko hezurrak ikus daitezke, bikain definiturik. Asko dira lehen erradiografia horren inguruan gustatzen zaizkidan istorioak. Adibidez, Rontgenek ez zuela teknologiaren patentea egin nahi izan, zientzialarien asmakariak denontzat izan behar direla sinesten zuelako; norbaitek industria farmazeutikoari kontatu beharko liokeen printzipio bat. Izpiei bere izena jartzeari ere uko egin zion, eta X izpi izen misteriotsua mantendu zuten, asmatzaileak ez baitzekien zehazki asmatu zuen hura nola izendatu behar zuen.

Beste pasadizo interesgarri bat da X izpiek, hein batean, arte abstraktuaren sorkuntzan eragina izan zutela. Irratia eta telegrafoa asmatu ziren garai berekoak dira izpiak, eta guztiak zientziaren ekarpenak ziren arren, pentsamendu paranormalean eragin ikaragarria izan zuten. Hain zuzen, soinua airetik inork entzun gabe garraiatu bazitekeen, haragitik gaindi ikus bagenezake, nola ez sinetsi sumatu ezin ditugun bestelako indarrak daudenik? Espiritismoak ospe handia lortu zuen garai hartan, Iker Jimenezek oraindik mantentzen duen logikari jarraituta: izpirituak existitzen ez direla frogatu ezin baduzu, ezin esan ez daudenik.

Arte abstraktuaren sorreran egon ziren artista asko ideia horien inguruan mugitu ziren, eta indar ikusezinek igortzen zuten munduaren oreka eta ordena transmititzeko modua bilatu zuten euren pinturaren bitartez. Hilma af Klint, Kandinski edo Mondrianek ez zuten arte dekoratibo bat bilatzen: ikusgarria denetik at zegoena irudikatu zezakeen adierazpen mota zuten helburu. Beraz, formalki oso desberdinak diren arren, badago harremana Anna Bertharen eskuaren zuri-beltzeko erradiografiaren eta Kandinskiren konposizio koloretsuen artean.

Hau guztia burura etorri zait Mabi Revueltaren 2007ko Arnasa hartu eta begiratu argia lana ikusterakoan. Bertan, erradiografia handi bat ageri da, ia gorputz osokoa. Eskeletoaren generoa asmatzea ezinezkoa litzateke, zintzilikari handi bat erradiografiatua egon ez balitz. Bide batez, ahaztu dut esatea Rontgenen lehen argazki hartan Anna Bertha Ludwigen eskuan eraztun bat agertzen zela hatz nagia inguratzen; ezkontza eraztuna, ziur asko. Eta jakin badakigun arren historian zehar gizonek ere apaingarriak eta bitxiak eraman dituztela, aro garaikideko konbentzioek esaten digute eraztun edo zintzilikaria daraman eskeletoak emakumearena behar duela. Hau da, irudi neutroari genero irakurketa gehitzen zaiola. Susmoa dut biak, Rontgen zein Revuelta, feminizazio honetaz kontziente zirela. Susmoa dut, orobat, batak eta besteak gauza desberdinez hitz egiten digutela keinu berdinaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.