Ismael Manterola
BEGIZ

Javier San Martin

2021eko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Arte Ederren Fakultatera irakasle sartu nintzenean, 1990eko hamarkadan, profesional bikainez inguratuta ikusi nuen neure burua, bat-batean. Lan berriek sorrarazten duten beldurra, nire lankideen maila emango ote nuen galdetzen nion neure buruari etengabe. Nire sailean artearen historialari onak egoteaz gainera, irakasle apartak eta arte egoerarekin harreman estua zuten pertsonak zeuden, beraz, teorian ez zen erraza giro hartara egokitzea ikasketak bukatu berri zituen 24 urteko batentzat. Hala ere, kide haien babesa eta laguntza ezinbestekoak izan ziren nire formakuntza akademiko eta humanoarentzat.

Horregatik, egun hauetan min handia egin dit kide haietako baten heriotzak. Javier San Martinek aurreko astean utzi gaitu. Arte irakasle, ikerlari, dibulgatzaile eta, batez ere, artearen zale amorratu moduan definituko nuke. Artea bere bizitzeko arrazoia zen, askotan erretiroari buruz galdetzerakoan, erantzuten zuen ez zekiela zer egingo zuen artea ikasleei irakasterik izango ez balu. Arte garaikidea izan zen bere lan esparru nagusia, nahiz eta beste garai bateko artearekin asko gozatzen zuen. Espainiako arte ikerlarien artean bere tokia egin zuen argitaratu zituen liburuekin: Alianzaren Artearen historia garaikidearen libururako idatzi zuen kapitulua edo Piero Manzoniri buruz idatzi zuen monografikoa, Nerea argitaletxearentzat. Hala ere, bere lanik osatuena eta bere pasioa benetan islatzen duena Dali eta Duchamp artistei eskainitako monografikoa dela esango nuke, Alianza argitaletxean argitaratua hori ere.

Artearen gaineko ikuspuntu oso ezberdinak geneuzkan, baita bizitzari buruzkoak ere. Baina eredu ezin hobea izan zen nire ibilbide hasierako eta ondorengo urteetan. Arteari buruz asko jakin dezake norbaitek, baina komunikatzeko gaitasuna jakinduria bezain inportantea da jendearen arreta bereganatzeko, ikasleak izan edo hitzaldi bateko publiko orokorra izan. Horren lekuko Bilbo Arten emandako hitzaldien bilduma jasotzen duen Guía del arte para el siglo XXI liburua. San Martinek beti zuen abilidadea arte garaikideko gai baten alderdi berezia eta ustegabekoa topatzeko, artelanen arteko harreman interesgarriak bilatzeko edo ohiz kanpoko irakurketak egiteko. Bere diskurtsoen edukiak zaintzen bazituen ere, gai zen alderdi bisualari ere orduak eta orduak eskaintzeko, kalitatezko irudia bilatu eta berak azpimarratu nahi zuen ñabardura topatu arte. Aurkezpenari ematen zion garrantziaren lekuko, diseinuaren gaineko zaletasuna eta zainketa (tipografia, power point bateko informazioaren antolaketa, inprimatutako lanen xehetasunak...), ia obsesiboa izan arte. Horixe da gure unibertsitate publikoak eta Euskal Herriko gure sare intelektualak galdu duen laguna: artearen gaineko apasionatua eta obsesiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.