Haizea Barcenilla
BEGIZ

Baginen, bagara… eta izango gara?

2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Egun gutxi barru itxiko da San Telmo museoan Garazi Ansak eta biok komisariotu dugun Baginen Bagara erakusketa. Ariketa honetan gutxi edo ezer ezagutzen ez diren emakumeen lanak plazara ekartzeaz gain, arte-sistemak haiek baztertzeko erabili dituen estrategiak biluztu nahi genituen. Gaur, martxoaren 8an, erakusketa amaitzear dela, askotan egin dizkiguten eta gure buruei egin dizkiegun galderak ekarri nahi ditut: eta orain zer? Zein da hurrengo pausoa?

Halako erakusketa bat egiten denean, beti dirau oinarrizko beldur batek: artearen sisteman errotuta dauden logika patriarkaletan eragingo ez duela. Izan ere, ikusi dugu zenbait museok halako erakusketak aitzakiatzat hartzen dituztela erakundeei feminismo minimoak bete direla erakutsi eta funtsezko aldaketa sakonak ekiditeko. Zerbait aldatu dela antzeztea guztiak berdin jarrai dezan. Womanology egitea euskal emakumeei kasu egin behar ez izateko. Ziur gaude ez dela San Telmo museoaren kasua; bidean izandako elkarrizketek, erakusketari bideratutako esfortzuak eta erositako emakume artisten lan mordoak hala erakusten digute. Baina ez dakigu baieztapen hau estrapolatzeko moduan ote gauden.

Izan ere, ikerketa honek zerbait erakutsi badigu zera da: Euskal Herriko artearen historia birpentsatu eta berridatzi behar dela, eta museo bakar batek ezin duela hori egin. Bagenekien narratiba bakar, kanoniko eta are dogmatikoa jaso genuela, baina ez genuen espero, artearen historialariak izanda ere, hainbestekoa izango zela bazterrean utzitakoa, hainbeste mespretxatutakoa, hainbeste ezabatutakoa. Esan beharra dago: ezjakinak gara. Ez dugu gure artearen historia ezagutzen. Hainbeste denean historia horren kanpoan geratu dena, ezin dugu kontsideratu ezagutzen dugunak historia osatu bat eratu dezakeenik.

Beraz, orain zer? Zein da hurrengo pausoa? Lehenik eta behin, ikerketa sustatu behar da. Museoekin, baina hauetatik gaindi. Artearen historiaren berridazketa hauspotu eta bultzatu behar da, horretarako errekurtsoak bideratuz: epe ertaineko proiektu egituratu eta kolektiboak behar ditugu, eta ikerlari gehiago behar ditugu, are gehiago, feminismoan formatutako ikerlariak.

Eta lan honekin batera, ikerketa hauek museoetako bi esparrutan islatu behar dira: behin-behineko erakusketetan, emakume artistei zein hauek parte hartu zuten mugimendu eta joerei eskainitakoak; eta erakusketa iraunkorretan, ezin dutenak, eternal eta betiko, berdin iraun. Amankomuneko iruditegi konpartitua osatzen dute bi elementu horiek, eta hortaz, haiengan eragin behar da bazterrean utzitakoa zentrora ekarriko badugu, eta gizarte osoarekin ikuspegi aberats eta askotarikoa partekatuko badugu. Arte historia berri bat egitera ausartuko bagara. Eta ausartuko gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.