Ismael Manterola
BEGIZ

'Mens sana in corpore sano'

2018ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Orain dela hamabost eguneko artikuluaren bukaera ez zuela ondo ulertu esan zidan lagun batek. Ez zuen ulertu zergatik aipatu nuen Behobia-Donostia lasterketa Koldo Mitxelenaren berrikuntza kritikatzen nuen artikulu berean. Baliteke, nire lagunaren antzera, beste askori ere arraroa iruditzea gipuzkoarren kirolzaletasuna kultur azpiegituraren berrikuntzarekin nahastea. Gaurkoan azaltzera behartu dut neure burua, presaka bukatutako aurreko artikuluak lauso xamar utzi baitzuen ideia nagusia.

Gauza da harrigarria iruditu zaidala nolako aldaketa gertatu den euskal gizartean kulturzaletasunean edo militantzia politikoan muturreko kirolaren alde. Zaila da gaur egun gizarte ekimenetan jendea biltzea, eta are zailagoa kultur ekimenetan. Garai batean, ohikoa zen arte erakusketa batera joan eta ahal zuenak zerbait erostea. Gaur egun, muturreko kirola edozeinek egiten duenez, ariketetan edo entrenamenduetan orduak eta orduak pasatu behar dituenez, jendeak ez du astirik beste ezertarako. Baliteke zaharragoak garenok nekatuta egotea militantzia politikoarekin eta kulturalarekin (bien arteko lotura argi eta garbi ikusten da 60ko eta 70eko hamarkadetan), eta belaunaldi berriak beren buruari begira gusturago egotea, edo teoriaren eta praktikaren arteko bereizketa garbiago izatea, baina badago zerbait mendebaldeko gizarte ohikoetara hurbiltzen gaituena: indibidualtasun muturrekoa.

Konturatzen bagara, modan dagoen kirola bakarka egitekoa da. Txikiak eta gazteak ginenean, jendeak plaieroetan jokatzen zuen hondartzan, futbola kirol nazionala zen elkarrizketetan, baina bazegoen beste zerbaiterako tarterik: irakurtzeko, antzerkira joateko, musikarako edo arterako. Gaur egun, kirola taldean egin beharrean, norberaren marka hobetzera murrizten da. Ahalik eta gehien sufritzera, gure gorputza bizirik dagoela konturatzeko. Ez dugunez beste elikagairik, jatekoari eta kirol oinetakoei buruz hitz egiten dugu. Gauza batek berdin-berdin jarraitzen du: amaierarik ez duten futbolaren gaineko elkarrizketek.

Horregatik iruditzen zait, hainbeste kirol egiten dugun bitartean eta beste gauzetarako astirik ez dugunez, kritika soziala eta kultur ohiturak desagertu egin direla. Erosoago gaude beste norbaitek gure bizitza gestionatzen badu, horregatik uzten ditugu gobernuak gestore onen esku, guk plazer masokistetan orduak eta orduak pasatzen ditugun bitartean. Gure konpromisoa minimoetan dagoen bitartean, KMrekin, erraustegiarekin edo beste mila adibiderekin gertatzen ari dena gertatzen da. Noiz eta non galdu ote dugu Oteizak hainbestetan aipatzen zuen gure izate politiko hura?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.