Ismael Manterola
BEGIZ

Borrokarako irakaspenak

2019ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Bartzelonako kaleak jendez gainezka dauden bitartean, lasaitasun guneak dira museoak, eta haserrea baretzeko tokiak dirudite erakusketa aretoek. Horietako batean, CCCBn hain zuzen, erakusketa zabala eskaini zaio 1970eko hamarkadako arte feministari. Lasaitasuna bilatu nahi bagenuen, ez dugu asmatu, artibismo mota bati eskainita baitago Feminismes! izeneko erakusketa.

Haizea Barcenillaren aurreko asteko hariari tiraka eta kalean ikusten ari ginen gorputzen bidezko performance indartsuekin batera, erakusketan ere 68ko maiatzetik zetorren gorputzen iraultza zirraragarria ikusteko artea genuen begi aurrean. 1970eko hamarkadan, arte mota eta baliabide ezberdinez baliatuta, artearen munduan ahotsa izan nahi zuten emakumeek, eta artearen bitartez gizartean eragina izan, emakumeen bazterketa salatzeko.

Erakusketako lehen artelanak hipnotizatuta utzi ninduen. Martha Rosler artista estatubatuarraren Semiotics of the Kitchen (1975) bideoak garai hartako eta gaur egungo arazoak azaleratzeko ahalmena duela iruditu zitzaidan. Ekintza-arte, gorputz-arte eta bideo-arte moduan ikusi dezakegun sei minutuko bideoan, artistak alfabetoa aurkezten digu, sukaldeko tresnen eta ohiko gailuen bidez. Telebistako sukaldaritza saioen parodia hutsean, programa horietan azaltzen diren emakumeengan ohikoak ez diren keinuak egiten ditu pantailan ikusten dugun artistak berak. Gorputzaren adierazpenaren bidez, garai hartako «emakumeen espazioa» izeneko presondegiaren kontra altxatzen da, batez ere knife (labana) hitzaren txanda iristen denean, edo bukaeran, esku banatan labanak hartuta, W, X, Y eta Z hizkiak espazioan marrazten dituenean.

Aurreko artikuluan artearen ahalmenaren inguruko ikuspuntu pesimistari buruz idatzi banuen ere, oraingo honetan onartu behar dut sei minutuko bideo hau erakundeek egindako berdintasun politikak baino eraginkorragoa zitzaidala, batez ere, diskurtso politikoak feminismoaren egokitasuna ikasi duelako, praktika ahazten duen bitartean.

Erakusketa hasierako tentsio maila mantentzea zaila izango zela iruditu zitzaidan, baina Vienako Verbund Collection delakoaren lanen aurkezpenak interesa pizten jakin zuen bukaerara arte; 70eko hamarkadako emakumeek egindako artea ezezagun xamarra izan arren, gizonezkoek egindakoaren parekoa delako, norbaitek zalantza baldin badu ere. Are gehiago, ezezagunak diren artistek egindako ezezagunak diren artelanak ikustea begientzat plazera da, baina horrez gain, buruarentzat ariketa interesgarria da, pentsatzeko zergatik ez ditugun oraindik gure buruetan eta arte sisteman (testuliburuetan, erakusketetan, museoen bildumetan eta abar) sartu emakume artista horien ekarpenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.