Haizea Barcenilla
BEGIZ

Zeldak

2019ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Bada urte pare bat Louise Bourgeoisen Zeldak/zelulak (cells ingelesez, hitzaren zentzu bikoitzarekin jokatuz) Bilboko Guggenheimen egon zela. Ez zuen inor hotz utzi, ezta neu ere. Gogoan dut erakusketa hartan, erabat hunkiturik, denetariko mugimenduak sentitzen nituela barnean, eta burutapen finko bat nuela: zatoz berriz kaier batekin, eta apunta itzazu ideiak; honek zerbait idaztea merezi du.

Carol Duncanek museoa espazio liminaltzat jo zuen, bitartekotzat, alegia; denboraren mugak lausotzen dituen espazio mota, egunerokotasunetik aldentzen zaituen burbuila osatzen duena. Eta hala izan zen egun hartan niretzat: espazio liminaletik atera bezain laster, egunerokotasunak zaplaztekoa eman zidan, eta, noski, ez nuen ezer idatzi.

Horregatik poztu ninduen ikasle izandako Elena Olabek, oso berea den diskreziotik, Zeldak. Gorputz honetatik poesia liburua argitaratu zuenean, Bourgeoisen lan horietatik abiatuta. Eta asko poztu ninduen liburua esku artean nuela, sofan erdi etzanda, niretzat ohiko irakurketa ez den poesian murgildurik, neuk idatziko nukeen liburutik hain urruneko lan bat zela baieztatzeak. Ez nituzke sekula hitz berdinak erabiliko, beste bizipen batzuk hautatuko nituzke; Elenaren liburua zen, eta ez nirea. Eta hala eta guztiz ere, sumatzen nituen bere oinarrian, muinean, neure grinen antzeko grinak, neure sentipenen antzeko sentipenak. Eta nireak ere badiren erreferentziak: artetik, gau-bizitzatik, mitologiatik, laguntasunetik, feminismotik, bakardadetik eratorritako irudi mordoa.

Poesia gehiago irakurri beharko nuke. Badu poesiak ikusizko artearekin loturarik: irudiak sortzeko ahalmena, sinboloen erabilera, eta bere burua sekula guztiz agerian ez jartzearen hautua. Inpresio okerra da ziur, baina narratiban badut guztia ulertzearen irudipena; poesian eta ikusizko arteetan, ez beti. Erdizka geratzearen artegatasun hori da berriz ere behatzera behartzen nauena, neure ikusteko kapazitatea zorrozten duena. Akuilatzen nauena.

Zeldak irakurtzen, Zeldak bisitatzen bezala, ez dakit zehazki zer gertatu zaion Elenari, edo Louiseri; baina bada zerbait esaten didana neure gorputza ere horrela izan dela zeharkatua. Ez naiz hitzotan edota instalazioetan erabat islatuta ikusten, baina barnean badakit, euren adierazpena bada ere, nire zerbait ere badagoela bertan.

Ametsa litzateke Elena gehiago baleude, artearen aurrean sentitzen duguna, adierazten hain zaila den hori, hitz deskriptibo eta hankamotzak gaindituz artelan berri baten bidez islatzeko kapaz liratekeenak.

Elenaren liburua ez da, zorionez, nik idatziko nukeen liburua. Baina hau bada liburu horretarako idatziko nukeen hitzaurrea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.