Ismael Manterola
BEGIZ

Kolonialismoak

2020ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Urte asko dira mendebaldeko iragan koloniala kritikatzen hasi ginenetik. Nahiz eta Europatik gure arte kontzeptua ia mundu guztira zabaldu eta beste herrialdeetan testuinguru ezberdinetan sortzen ziren objektuei gure artearen irizpideak inposatu, autokritika egiteko momentua iritsi zela erabaki genuen artehistoria berriak idazteko orduan.

Hala ere, autokritika diskurtso horietan gutxitan hitz egiten da museo askotan miresten ditugun artelanak ordaintzeko diruaren edo gaur egun merkatuan erabiltzen den diruaren jatorriari buruz. Horregatik, pena handiz irakurri nuen Bilboko Arte Ederren Museoan Valdes bildumari eskaini dioten erakusketaren sarrera testua. Felix Valdesek Bilboko Zazpikaleetan zuen dendan Ekuatore Gineatik ekarritako produktuak saltzen omen zituen, eta garai hartan Ekuatore Ginea Espainiako kolonia zela argitzen digute erakusketaren arduradunek. Kakaoa, kafea, kanela eta, batez ere, zuraren inportazioa omen zen Valdesen dirutzaren iturri. Erakusketa aretoko hormako testuak ez du gehiago argitzen, ez du azalpen gehiago ematen artelanak erosteko erabili zen diru horren jatorriaren inguruan. Horrek hotz xamar utzi ninduen, kontuan izanda Valdesek punta-puntako 400 artelan biltzea lortu zuela. Ez dut eskatzen mea culpa-rik edo ikerketa sakonik erakusketa sarrera bateko testu batean —bide batez, katalogoan ere ez da halakorik azaltzen—, baina testuinguruaren aipamenen bat ez litzateke sobera izango, kolonialismoaren esplotazio garai haien memoria ez galtzeko. Artelanak objektu ederrak izateaz gainera, testuinguru historiko batean sortutako objektuak ere badira, eta arte bilduma batek ere testuinguruaren beharra du ondo ulertu ahal izateko.

Baina ez da Gineara mugatzen erakusketaren sarreran irakur dezakegun diskurtso kolonialista. Espainiar mentalitate kolonialean idatzitako testuak artista nazionalak aipatzen ditu artelanen egile batzuei buruz hitz egiteko, garai bateko arte historietan irakurritako diskurtso nazionalista espainiarraren doinuekin: «XX. mendera igarotzeko, aldiz, hasierako hamarkadetako artista nazionalak —Sorolla, Zuloaga, Gutierrez Solana— [...]». Aipatutako artistak artista nazionalak al dira? Zein naziotakoak? Espainiakoak? Zer da artista nazionala izatea? Espainiako artearen berritzaileak izan omen ziren Benjamin Palencia eta Agustin Ibarrola, beste testu batean irakur dezakegun bezala. Errealitate nazionala interpretatzeko bi modu omen daude bildumako koadroetan: bat argia eta beste iluna. Errealitate nazionala edo Espainia interpretatzeko bi modu dira? Zein errealitate nazional interpretatzen ari ziren Isidre Nonell edo Aurelio Arteta?

Erakusketa ariketa ona da konturatzeko Espainian (euskaldunen konplizitatearekin) XX. mendearen hasieran Ginean erabilitako kolonialismo ekonomikotik nola pasatu gaitezkeen Euskal Herriko kolonialismo kulturala mantentzera (euskaldunen konplizitatearekin) normaltasun handiz eta lotsa handirik gabe. Batzuek artista nazionalak, errealitate nazionala edo arte nazionala duten bitartean, beste batzuei egiten zaie nazionalista izatearen salaketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.