Haizea Barcenilla
BEGIZ

'Vintage' ala zahar

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Déjà vu bat zela pentsatu nuen. Egunkariak Javier Riaño BilboArteko zuzendari gisa aipatzen zuen, eta baieztatu behar izan nuen 2022ko zenbakia zela. Izan ere, 1998an, BilboArte sortu zenean izendatu zuten Riaño erakundearen buru, eta han iraun zuen 2010era arte. Orduan Juan Zapaterrek lortu zuen postua; otsailean jubilatu zenean, ordea, inork ez zuen espero berriz ere Riaño izendatzea.

Izendapenak bi gauza larri erakusten ditu. Lehena, Zapater izan dela azken hamabost urteetan Bilboko arte erakundeetan lehiaketa publiko bitartez hautatu den zuzendari bakarra. Hain zuzen, Bilbon ez da une honetan modu publikoan hautatu den zuzendari bat ere; guztiak sistema digitalaren bitartez iritsi dira postura. Bidarte Guggenheim museora, Lourdes Fernandez lehenengo eta Fernando Perez ondoren Azkuna zentrora, Alicia Fernandez Rekalde aretora, Javier Viar lehenengo eta Miguel Zugaza ondoren Arte Ederretako Museora, eta Javier Riaño BilboArtera bigarren aldiz orain. Guztiak inolako prozesu ireki, publiko eta gardenik gabe izan dira hautatuak. Eta Guggenheim museoa kenduta, hein handi batean denon diruarekin ordaintzen dugun arren pribatua dena, beste guztiak instituzio publikoak dira.

Ez pentsa praktika orokortua denik hau; kontrara, museoen elkarteek adostutako dekalogoaren aurka doa. Euskal Herrian ere, fenomenoa Bilbokoa da. Artium museoaren azken zuzendaritza lehiaketa publiko bidez ebatzi zen, Beatriz Herraezek lortu zuena; Tabakaleran Ane Rodriguezen izendapena prozesu publiko baten emaitza izan zen, Clara Monterorena bezala ondoren; Uharte zentroko zuzendaritza lau urtean behin ateratzen da lehiaketa publikora. Eta ez dezatela esan, bilbotartasun puztu batetik, bigarren mailako zentroak direla horiek Bizkaiko hiriburukoekin alderatuta: MACBA, Reina Sofia eta Centre Pompidouko Musee d'Art Moderne museoen zuzendaritza lehiaketa publiko bidez hautatzen da.

Lehiaketa publikoak, gardentasuna eta aukera berdintasuna eskaintzeaz gain, proiektu eta profil desberdinak baloratzeko aukera ematen du, zentroen etorkizunaren aukera guztiak irudikatzeko. Eta honek bigarren puntura narama, aurretik jada zuzendari izandako norbait berriz hautatzen duen bigarren erakundea baita BilboArte, Arte Ederretako Museoaren ildoari jarraituz. Kanpotik —kanpokoa, «etxeko izena» ez den oro izanda— etor daitezkeen proiektuei beldur ikaragarria erakusten du bere burua berritzaile eta kosmopolitatzat duen hiriak. «Konfiantzazko» izen berberak (Norman Foster barne) behin eta berriz ikusten ditugu moderno itxuraz saldu nahi diguten malenkonia erreakzionario bilakatzen ari den honetan; vintage izan nahi, 2000 urte urrezkoak (literalki) gogoan agian, eta zaharrean geratzea, hori bai hiri marka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.