Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Sinpletasunaren esentzia

2019ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Kamera eta soinu ekipamendu bana. Esango nuke horiek direla Hamaika telebistako Musika Zuzenean saioa egiteko beharrezkoak diren baliabide tekniko nagusiak. Horrez gain, nola ez, ezinbesteko baliabide artistikoak ere behar dira: gidoi landua eta gonbidatu egokiak, besteak beste. Musikaren gaineko Hamaikaren tarteak indartsu hasi du denboraldi berria. Irailaren 19an estreinatu zuten, ostegunean,21:00etan. Halere, lehen atala ikusgai duzue dagoeneko Facebook-en, Youtube-ko kanalean eta Hamaika.eus atarian.

Telebista saioak ez du aurkezle fisikorik. Hau da, ez da inor kameraren aurrean agertzen. Protagonismo guztia elkarrizketatuei ematen zaie. Hain zuzen ere, haiek kontatzeko dutena helaraztea baita helburua. Hori bai, gizonezko kazetari baten off-eko ahotsak gidatzen du ikuslea. Hitz kopuru neurtuaz. Betelanik gabe. Lehen atal honetan, Donibane Garaziko Diabolo Kiwi musika taldea eta J. A. Areta Goñi Juxe Errenteriako argazkilaria ezagutu daitezke. Aukera baduzue, har ezazue 30 minutuko tartea saioaz gozatzeko.

Leire Iribarne (teklatua eta ahotsa), Julen Etxeberri (bateria), Allande Etxeberri (baxua) eta Amaiur Epher (gitarra) dira Donibaneko taldeko kideak. Udarako biran Mutrikuko txiringitoan emandako zuzenekoa baliatuta, Hamaikako programarekin egin dute hitzordua. Funka da haien oinarria, baina pop-etik eta rock-and-rolletik ere edaten dute. «Garaziko poperoak eta rockero frustratuak» elkartu omen dira Diabolo Kiwin. Hori dio, behintzat, haien Facebook orriko biografiak. Kideek, aldiz, irribarrez diote ez dakitela nork idatzi duen hori. Musika «jostagarria eta freskarria» da haientzat; horregatik jarri zioten taldeari Diabolo Kiwi izena. Antza, Ipar Euskal Herriko edari ezaguna da: gaseosa eta kiwi zukua nahastuta.

Saioaren azken hamar minutuak, berriz, Donostiako Egiako Kultur Etxean ikusgai dagoen Zu barik eztau argazki erakusketari eskaintzen dizkiote. Juxe da bildumaren egilea, eta musika kontzertuetatik kanpo musikariei ateratako erretratuak ditu oinarri. Zuri-beltzeko 59, guztira. Orain dela 25 urte hasi zen argazkiak ateratzen, eta dioenez koloreak «beti eramaten zaitu distrakzio batera» eta zuri beltzak, aldiz, «esentziara». Esango nuke, sinpletasunean dagoela esentzia. Saio honetan bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.