Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Gola zelaian, sofak dardarka

2021eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Vigoko Celta futbol taldearen jarraitzaile izan arren, futbolari ere ikuspegi kritikoz kantatzen zion Evaristo Páramok La Polla Records taldearekin: «Gol en el campo, paz en la Tierra» («Gola zelaian, Bakea Lurrean»). Aurrerago: «Bai polita futbola gobernatzen dutenentzat. Lapurretan ari dira itzulerako partidarik gabe». Amaieran: «Gola zelaian, Bakea Lurrean. Baloiaren ostean kaka piloa dago».

Kantu hori ekarri dit gogora egun hauetan sofak dardarka jarri dituen albisteak (ez dakit bera den esamoldearen asmatzailea baina nik Nagore Telleriari entzun nion lehen aldiz Euskadi Irratiko Amarauna saioan): futbol talde handienetako batzuek, super-handiek, beste talde handi —baina kasu gehienetan ez hain handi, ez hain super— askori sartu nahi dieten Superliga izeneko super-golak.

Azken albisteen arabera, zaila izango da gauzatzea, baina gauzatuko balitz amorragarria izango litzateke super-handienen arteko super-liga super-esklusibo eta super-baztertzaile hori, batez ere talde apalagoen jarraitzaile diren —garen— futbolzaleentzat, baloiaren jabeak jolasten jarraitzen uzten ez dion umearen aurpegia geratuko bailitzaieke —bailitzaigu—, barrua amorrazioak eta ezintasunak estututa. Umiliagarria baita luzaro jolaskide izan duzunak zu baztertu eta beste batzuekin jolastu nahiago duela esatea. Azak ontzeko, Real Madrileko presidentea laido doilorraren buru, iragarle eta zuritzaile!

Baina beroarena kendu eta gaia ikuspegi zabalago batetik aztertuz gero, urruneko planeta batetik behatzen gaituen estralurtarraren begiradatik, adibidez, Superliga pauso logiko eta naturala litzateke eliteko futbolak eta harekin bat egindako telebista enpresek aspaldidanik egiten ari diren bide zoroan. Eta estralurtar horren antzera ikusiko luke Europatik kanpoko edozein futbolzalek; baita, Europan bizi arren, Europako egungo liga garrantzitsuenetan bihotzeko talderik ez duen edonork ere.

Superligaren mehatxuak dardarka jarri ditu paraje hauetako sofak, baina gauzatuz gero ere laster egingo da berriro ere Bakea Lurrean, Bakea pantailetan eta Bakea pantaila aurreko sofetan. «Bai polita futbola gobernatzen dutenentzat. Lapurretan ari dira itzulerako partidarik gabe. Gola zelaian, Bakea Lurrean. Baloiaren ostean kaka piloa dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.