Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Irailak 11

2021eko irailaren 14a
00:00
Entzun
Oraindik gogoratzen dut zer egiten ari nintzen 2001eko irailaren 11n. The Simpsons telesaila ikusten ari nintzen, eta horren ondoren Antena 3en geratu nintzen. Bertako albistegia hasi zenean Matias Prats Dorre Bikien erasoa kontatzen hasi zen. Ama abisatu nuen, eta bera irratitik entzuten ari zen New Yorken gertatzen ari zena. Ez dakit katez aldatu nuen, baina dorreak kea botatzen ari ziren bitartean nire begirada ezin zen telebistatik aldendu. 12 urte nituen gertatu zenean, eta ez nuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Hasieran istripu bat zirudiena, orduak pasatu ostean, eraso terrorista bat izan zela jakin genuen.

Hogei urte pasatu dira une horretatik, eta asteburu honetan telebista kate guztiek gogoratu dute zer-nolako albistegiak egin zituzten egun hartan. ETBn estetika oso zaindutako erreportaje bat egin dute, Año 20 izenekoa, non erasoaren ondorioak agerian utzi dituzten. 2001ean Olatz Arrieta kazetaria New Yorken zegoen, eta bera izan zen ETBrako zuzenean erasoa kontatu zuena. Erasoaren ostean, Maite Artola kazetaria Afganistanera bidali zuten AEBek hasitako gerra jasotzeko. Bien testigantzak, Loiuko aireportuan jasoko ditu Mikel Reparaz kazetariak.

Loiutik Bagdaderako bidea hartuko du Mikel Reparazek eta AEBetan Amaia Uribe kazetaria egongo da. Dorre Bikien erasoaren ondorioak Bagdaden eta New Yorken desberdinak direla argi geratuko da. Uribe Bolivar Arellano argazkilariarekin aurkituko da World Trade Centerren. Arellanoren testigantza oso berezia da, bera argazkiak ateratzen ari zen bitartean dorreak erori ziren, eta ondoan zeuden pertsona batzuek esan behar izan zioten zauritua zegoela, bera ez zelako konturatu.

Reparaz Bagdaden Doktorea deitzen den gizon batekin geratuko da, eta bera da Bagdadeko gida. Irakeko gerrak eragindako heriotzak, sufrimendua eta beldurraren inguruan hitz egingo dute, eta baita erakutsi ere. Doktorea-k argi uzten du Iraken ISISen erasoen beldur direla oraindik, bertan izan direlako talde terroristak egin dituen eraso gehienak. Europan gertatu diren atentatuek sona handiagoa izan dute Mendebaldean, baina Ekialde Hurbilak gehiago sufritu du. Ekialdea eta Mendebaldea lotu dute lan bikain honetan, eta hogei urte pasatu osteko egoeraren analisi oso ona egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.