IRLEN SAREA

Plataforma digitalak

Gorka Julio -

2019ko ekainak 8
Zerbitzuak eta produktuak saltzen dituzten plataforma digitalak komertzioa erabat aldatzen ari dira, eta horiekin batera gure herrietako eta hirietako kaleak ere bai. Sarearen bidez eginiko salmentak asko baldintzatzen du gero tokian toki egin daitezkeen (eta egiten ez diren) salmentak.

Gakoa teknologiaren beste erabilera batean egon daiteke, merkatu propioak sortu eta lotzearekin. Zerbitzuen kasuan zailtasun handiena plataformen erreferentzialtasunean dago, horrek ekartzen baitu bezeroak erakartzea. Produktuen salmentan, aldiz, arazo horri bidalketa edo banaketarena gehitu behar zaio.

Zerbitzuen kasuan, hotelak edo pentsioak alokatzeko espazio bat balitz, adibidez, aukera on bat eduki beharko da. Orain arteko plataformak ez bezala, balio lokala sustatzea nahi badugu, hori lortzea zaila izan daitekeela ondoriozta daiteke. Baina ez da egia, ekimenak aukera ematen badu eskaintza lokala beste leku batzuetatik automatikoki kontsultatzeko. Atari lokal batzuk tokiko enpresa eta erakundeek mantendu ditzakete, baina ondo diseinatuta beste atari handiago batzuekin lotuta, erreferentzialtasunean ere lehia daiteke.

Booking eta antzeko plataforma erraldoiei aurre egitea ezinezkoa badirudi ere, Conil Hospeda bezalako esperientziek erakutsi dute sor daitezkeela plataforma lokalagoak, eta aldi berean erreferentzia irabazi.

Produktuen salmentan oinarritutako komertzio digitalean, aldiz, aipatutakoak balio badu ere, banaketa edo bidalketaren zailtasuna agertzen da. Lehena abantaila izan daiteke gertutasunari lotutako komertzioan. Produktua Internetetik eskatu eta automatikoki zure dendan edo erreferentziako gune gertuko batean jasotzea eskaini daiteke, herriko dendei salmenta aukerak zabalduz horrela.

Bigarrena, banaketa, zailagoa da. Produktuak bidalketa behar badu, kostu aldetik zaila da eskaintza erakargarriak egitea. Esperientzia interesgarria dirudien Correos Market (market.correos.es), orain hasi da zenbait produktu artisau bidalketa gasturik gabe saltzen, baina ekoizleen kargura ziurrenik. Publikoa izan, laguntzak eduki edota irabazi asmorik gabekoa den banatzaile batekin asko aurreratuko genuke. Edozein dela kasua, batzea edo elkarlanean aritzea eskatzen dute aukera guztiek.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna