Erakundeen datuen bunkerrak

Erakundeek datuak prozesatzeko zentroak erabiltzen dituzte, prozesatutako datuak erabili, bildu eta banatzeko. Segurtasuna ezinbestekoa da horretarako: makinek egoera onean egon behar dute, eta kanpotik etor daitezkeen erasoei hesiak paratu.

Nafarroako Gobernuaren Datuak Prozesatzeko Zentroaren bihotza. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Ate bat itxi ondoren irekitzen dute hurrengoa. Hemen aurpegia identifikatzeko gailuak, han giltzari pare bat buelta. Ia inor ez dabil korridoreetan. Isiltasuna da nagusi. Isiltasuna eta ordenagailuen zarata ez oso ozen baina etengabeko hori. Nafarroako Gobernuak Iruñeko Donibane auzoan du Datuak Prozesatzeko Zentroa. Bi kontu dira ezinbestekoak han: zer gerta ere denak martxan jarraitzea eta erabateko segurtasuna. Biltzen dituzten datuen bunker bat da.

Erakunde baten informazio sistemek prozesatutako datuak eta aplikazioak erabili, bildu eta banatzen dituzten ekipamenduak dauden lekuari esaten zaio Datuak Prozesatzeko Zentroa. Asteon Nafarroako Gobernuaren zentroa bisitatzeko aukera izan da, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren asteetako ekitaldien artean. Zentro horretan daude nafarren datuak blindaturik; historia klinikoak, zergen informazioa, polizia txostenak eta Hezkuntzako datuak, besteak beste.

Eraikinaren bihotzean, areto zabal batean daude zerbitzari guziak, korridore batean, alderik alde. Kristalez itxitako eremu bat da. Eraginkortasun energetikoagatik paratu zituzten denak elkarrekin eta ilaran, leku gutxiago hoztu behar izateko. Izan ere, hotz mantendu behar dira gailuak. Hortaz, erdiko korridorea hotza da: behetik aire hotza sartzen da, eta kristalezko sabaia pasatzerik ez duenez, zerbitzariak zeharkatzen ditu, eta horiek hotz mantentzen. Alboetako bi korridoreak beroak dira.

Zerbitzari gehienak Nafarroako Gobernuarenak badira ere, Naserticek ere baditu bereak han. Nasertic arduratzen da kudeaketaz, eta Fran Hidalgo arduratu da azalpenak emateaz. Mainframe Inguruko area burua da. Zerbitzu kritikoak eskaintzen dituzte, hau da, inolaz ere gelditu ezin direnak, geldituz gero herrialde baten funtzionamenduan eraginen lukeenak. Hori dela eta, funtzio guziak bikoizturik daude, batek huts egitean besteak funtzionatzen jarrai dezan. Are, Datuak Prozesatzeko Zentroa bera bikoizturik dago: Iruñeko beste leku batean beste zentro bat dago. Hori kontainerretan antolaturik dago, errazago mugitzeko toki batetik bestera.

Kableek dute aretora sarbidea: zoru azpitik pasatzen da elektrizitatea, eta sabaitik datuak. «Kableak ongi bakandurik daude, baina ez da komeni elektrizitatearen eta datuen kableak nahastea, interferentziarik gerta ez dadin», azaldu du Hidalgok. Barnean, dentsitate handiko zerbitzariak daude: ahalmen oso handiko ordenagailuak, RAM memoria askorekin, baina biltzeko toki gutxirekin. Biltegiratzea ondoan dauden kabinetan egiten da, informazioa biltzeko diskoetan. Birtualizaziorako baliatzen dira ordenagailu horiek, nagusiki.

Erdiko partean komunikazio ekipoak daude, Nafarroako Gobernuko departamentu guziek elkarri konektaturik egon behar baitute. Ez hori bakarrik: zentro hau bestearekin ere lotu behar da. «Hemen daude zuntz optikoaren konektoreak, datuen kable ardazkideak, switcherra, routerra, konektoreak... dena dago».

Gailu garrantzitsuak dira mainframe-a eta superkonputazio klusterra. Mainframe-a ordenagailu zentrala da. Lehen areto handi bat okupatzen zuena, kutxa moduko bat da gaur egun. «Milaka erabiltzaileri aldi berean zerbitzua emateko diseinaturik daude, eta asko erabiltzen dirabankuetan eta erakunde publikoetan. Ordenagailu zentral honek milioika transakzio egiten ditu egunero, eta osasun zein ogasun zerbitzu kritikoak eskaintzen dizkie biztanleei». Nafarroako Ekonomia eta Ogasun Departamentuak datu taulak ditu; batzuek lau mila milioi lerrotik gora dituzte.

Superkonputazio klusterra Power 9 batek osatzen du, Europan instalatutako bigarrena. Prozesadore horretaz gainera, GPU asko ditu, prozesadore grafikoak. Power 9ak egiten duena da prozesadore horiek guziak koordinatu. Ordenagailu zentralarekin alderatuta, kalkulu ahalmen handiagoa du, baina erabilera ezberdinak dituzte: ordenagailu zentralak balio du erabiltzaile asko konektatzeko eta transakzioak egiteko; klusterrak konputu lanak aztertzen ditu.

Nasertic Espainiako Superkonputazio Sareko kidea da; beraz, konputuaren parte bat sare horri utzi behar dio ikerketa zientifikoan erabiltzeko. Sareak deiak egiten ditu urtean hirutan, eta, orduan, komunitate zientifikoak konputua eskatzen du egin behar diren proiektuetarako. «Kide guztiok klusterretako baten %80 uzten dugu. Zientzia eta ikerketa bizkortzen ari gara modu honetan. Adibidez, zientzialari batek predikzio bat egin behar badu datu pila batekin, denbora bat eskatzen duen lana hamar minutuan egin dezake horrela».

Segurtasun erabatekoa

Aurreikuspena ezinbestekoa dute Datuak Prozesatzeko Zentroan, hango martxa ezin baita inolaz ere gelditu. Hortaz, segurtasunarekin oso zorrotzak dira: fisikoa zein birtuala. «Hau eraikitzen hasi zirenean, hormigoiari ematen zioten garrantzia; gaur egun, segurtasun birtuala oso inportantea da», esan du Hidalgok.

Gailuak ez gelditzeko, ezinbestekoa da beti argindarra izatea. Itzalaldietarako etengabeko elikatze iturriak dituzte, bateria erraldoi modukoak. Horiek 25 minutuan eman dezakete energia; ordurako, unitate elektrogenoari seinalea iritsi zaio, eta lauzpabost minutuan martxan da makinek behar duten energia emateko.

Makinen segurtasuna tenperaturari loturik dago: ezin dira berotu. 3.000 litroko ur zirkuitu itxi bat dute horretarako. Neguan ura ez hormatzeko glikola du, eta hezetasun detektoreek ziurtatzen dute tutuetan isuririk ez dagoela. Urarekin arazorik balego, Mankomunitatekoa erabiliko lukete.

Baina zibersegurtasuna litzateke gaur egungo harresi garrantzitsuenetako bat. «Horretarako ditugu fireware-ak, malware-aren kontrako sistemak, segurtasun kopiak egiten dira egunero... Adibidez, datu base bat zifratzea galarazteko neurri guziak hartu ditugu», kontatu du Hildagok. «Kanpotik ezin da sartu zerbitzarietara, frontalak erabiltzen dira. Hiritarrak ez dira sartzen mainframe-ra, bertara konektatzen diren zerbitzarietara baizik. Sare korporatibo guztiak du sarea banaturik, ongi segurtaturik, fireware-ekin...».

Ez da txantxetarako kontua. «Pentsa historia klinikoen edo ogasuneko datu basean sartzen direla. Dirua ez ezik, izen ona ere galduko luke gobernuak». Aurreikuspena da gakoa: «Lehen galdera zen: gertatuko zait? Orain galdera da: noiz gertatuko zait? Gertatzen denerako neurriak izan behar dituzu horri aurre egiteko». Eraso horiek nondik heldu diren jakitea, gainera, zaila izaten da, besteen ordenagailuak «bahitzen» baitituzte horretarako. Halere, lasai dago Hidalgo: «Hemen saiatu dira sartzen, baina beti eragotzi dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.