Haizea Barcenilla
BEGIZ

Museoak zertarako?

2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Museoek, beste edozein botere eta ideologia egiturak bezala, badute beren nazioarteko batzorde arautzailea: ICOM, Unescoren menpe dagoen Museoen Nazioarteko Batzordea. Estatu bakoitzak azpibatzorde bat du, eta han lurraldeko museoetako profesionalak eta ikerlariak elkartzen dira instituzio horiei dagozkien arazoei buruz eztabaidatzeko. Hiru urtean behin egiten da lurralde guztien ordezkarien biltzar nagusia.

Kyoton egin du aurten ICOMek biltzar nagusi hori, iraileko lehen astean. Asmo handiko helburua zuen: museoen definizio berria eratzea, azpibatzordeetan landutako definizioak oinarri hartuta. Tontakeria dirudi, baina museo bat zer den eta, batez ere, zertarako balio behar duen adostea ez da kontu makala.

Lurraldeetako proposamenak irakurtzean, Espainiarena barne, begiak zabal geratu nintzen. Museo batena baino, mundua salbatuko zuen GKE gorenaren deskribapenak ziren haiek: desberdintasunak apurtzea, gogoeta bultzatzea eta iritzi kritikoa sustatzea lirateke, besteak beste, gaur egungo museoen erronka umilak.

Kyoton museoen definizioa eztabaidatzen zuten bitartean, Guggenheimera joan nintzen, behean Jone Rubiok iruzkintzen duen Jesper Justen instalazioa ikustera. Oso instalazio zinematografikoa, lineala eta inolaz ere ez hermetikoa; istorioa kontatzen duen hitzik edo elkarrizketarik ez izan arren, narratiboa da, eta jarraitzen erraza. Eta hara nire harridura isiltasun une batean zurrumurru gogaikarri bat entzun nuenean: audiogidak ziren. Ikusleen atal handi bat, pantailari begiratzen zion bitartean, ikusten ari zena deskribatzen zion ahots metaliko eta ganoragabeko bat entzuten ziharduen: «Emakumea bidetik doa eta gizonak jarraitzen dio. Emakumeak izutu aurpegia du. Emakumea etxera iristen da eta atea ixten du…».

Museoak gizarteari jakintza sistema hegemoniko bat igortzeko sortu ziren; euren helburua onargarria zen informazioa aukeratzea eta sailkatzea zen, modu ordenatuan gizarteari transmititzeko. Izan zen garai bat, aspaldiko maiatz baten eraginez, museologia berria eta museologia kritikoa izeneko mugimenduek tradizio horrekin apurtu nahi izan zutena, gizartetik hurbilago kokatuz, jakintza mota desberdinak erakutsiz eta museoak berak sortzen dituen botere logikak agerian utziz. Baina, saiakera horiek bidean zirela, masa turismoa iritsi zen, eta guztia irentsi zuen. Zaila da zehaztea zein den jende askorentzat Guggenheim (edo Louvre, edo Prado) bisitatzearen zioa: Ikastea? Ikustea? Han egon dela esatea? Eta zein iritzi kritiko garatuko du ataria pasatu bezain laster ikusiko duenaren interpretazio itxi eta borobildua gailu batetik jasotzea espero duen ikusleak?

Bide batez, definizio berria adostea lortu gabe amaitu zen Kyotoko biltzarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.