Haizea Barcenilla
BEGIZ

Gizon ikusezinak

2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Prostituzioaren inguruko eztabaida pil-pilean dago. 2018an Espainiako Auzitegi Nazionalak Sexu Langileen Sindikatua baliogabetu zuen, kontratupeko langileak ez direla argudiaturik. Iaz, Coruñako Unibertsitateak gaiaren inguruko jardunaldiak atzera bota zituen, talde abolizionistek sexu esplotazioaren zuritzea leporatu ondoren. Oraintxe, zentro ofizialetan anparatutako nerabeen prostituzioa ikertzen ari dira Mallorcan.

Testuinguru honetan, urtarrilean estreinatu zen Madrilen Prostitución antzezlan dokumentala. Carmen Machik, Carolina Yustek eta Natalie Pozak prostituzioan dabiltzan hainbat emakumeren testigantzak eta Virginie Despentes eta Amelia Tiganusen pasarteak gorpuzten dituzte, indar eta bortizkeria handiko gidoi azpimarragarri bati jarraituz. Posizionamendu kontrajarriak agertzen dira, eta emakumeen esperientzien ikuspegi zabal eta konplexu bat eskaintzen da, erantzun itxirik gabekoa. Ez da beti ikusten erraza, baina merezi du. Arriaga Antzokian izango da ekainaren 5ean eta 6an.

Dena den, emakumeek eztabaida gorputzean bizi duten bitartean —antzezleak agertokian eta prostitutak jardunean—, absentzia bat nabarmena da: gizonena. Bitan agertzen dira antzezlanean, bukaeran: gizonezko prostituitu gisa, emakume bik antzeztuta; eta eszena nagusiaren atzean proiektatutako bideoan irudikatuta, bezero anonimo eta anekdotiko gisa. Emakumeak sinbolikoki eta literalki biluzten badira, gizonak ezkutuan geratzen dira, anonimo, kontuarekin zerikusia ez balute legez. Badirudi arazoa emakumeena dela, berez prostituzioa patriarkatuaren ondorioa denean. Gizon patriarkalek sortu eta mantendutako sistema da, euren desio, behar eta botere-nahiak asetzeko.

Prostituzioaren inguruan dabiltzan gehienak gizonak dira. Proxeneta gehienak gizonak dira, trata-sareak antolatzen dituztenak bezala. Baina are funtsezkoagoa, bezeroak gizonak dira, baita prostituitzen diren gizonezkoenak ere. Hitz egin al daiteke langile mugimenduari buruz ekoizpen-sistema osotasunean irudikatu gabe? Enpresarien rola eta kontsumo-joerak sakontasunean miatzea saihestuz? Hortaz, zergatik aritzen gara prostituzioaz gizon horien rola aztertu gabe?

Antzezlanaren gidoia eta zuzendaritza bi gizonena da; nago ez dela kasualitatea. Gizona kanpoko ikusle abstraktutzat kokatuz, bere erantzukizuna desagertu arte lausotzen da, hariak mugitzen dituena izanik ere. Prostituzioa ez da zuritzen eztabaida mahai gainera ekartzeagatik, baina bai horretan erabateko protagonistak diren bezeroak eta proxenetak naturalizatzen eta argitara ekartzen ez direnean. Espero dut ikusten dudan prostituzioari buruzko hurrengo antzezlana izen-abizena duten putero eta txulo errealen testigantzetan oinarritua egongo dela, behingoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.