Koronabirusa

Egun bakarrean 69 pertsona sartu behar izan dituzte erietxean

Jaurlaritzak jakinarazi du joan den astean birusa zuten 31 pertsona zendu zirela. 35 positibo atzeman dituzte asteburuan Leitzan egindako baheketan; eginiko testen %1,85ek eman dute positibo

Osasun langile bat, PCRak egiteko makina batean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bigarren egunez jarraian, berriz ere gora egin dute azken 24 orduetan atzemandako koronabirus kasuek Hegoaldean. Beste 857 positiboren berri eman zuten atzo osasun agintariek; bezperan jakinarazi baino 198 gehiago dira. Aintzat hartu behar da nabarmen igo dela egindako PCR proba kopurua ere. Azken zenbaketan, 12.204 test egin dituztela esan dute; bezperako kontaketakoak baino 2.609 gehiago dira. Atzo, halaber, azken zazpi egunetako datuak eguneratu zituen Jaurlaritzak: denera iragan astean koronabirusa zuten 31 pertsona hil zirela jakinarazi zuen. Nafarroan salbu, bertze hiru lurraldeetan hazi dira kasuak. Araban 97 kasu atzeman dituzte, 70 gehiago. Bizkaian 313 dira, bezperan baino 96 gehiago. Gipuzkoan, 94 gehiago dira: 240. Nafarroan, aldiz, 196 kasu atzeman dituzte, 65 gutxiago. Bestetik, Nafarroako Gobernuak esan du azken astean osasun zerbitzuetan lan egiten duten 23 profesionalek eman dutela positibo egindako probetan. Kasu positiboez gaindi, kezka sortzen ari da ospitaleratuen kopuruarekin ere; etenik gabe gora jarraitzen du. Egun bakarrean 69 pertsona sartu dituzte erietxean, eta dagoeneko 364 dira ospitalean dauden gaixoak. Horietako 60 daude ZIU zainketa berezien unitateetan. Aste bakarrean 41 gaixotik 60 izatera igaro dira unitate horietan.

Nafarroako Gobernuak azken egunetan kezka adierazi du birusaren etengabeko zabalkundearen harira. Herritarrei eskatu die ahal dela lagunarteko eta senitarteko bilkurak saihesteko; halakoak egiten badira, osasun eta higiene neurriak zorrozteko eta sei pertsonatik behera elkartzeko eskatu du. Beharrezkoa bada, gobernuakdatozen egunetan birusaren transmisioa gutxitzeko neurri zorrotzagoak hartuko ditu.

Leitzan, 35 positibo

Atzo, Leitzako Udalak asteburuan Leitzan (Nafarroa) egindako PCR proben emaitzak jakinarazi zituen: denera 35 positibo atzeman dituzte. Denak asintomatikoak dira. Udalak Nafarroako Gobernuarekin bilera bat eginzuen atzo, emaitza horiek aztertzeko, eta oraingoz aparteko neurririk ez hartzea erabaki dute.

Leitzako 15 urtetik gorako herritar guztiak zeuden deituta probak egitera, eta lau herritarretatik hiruk erantzun zioten deiari: 1.882 pertsonak. Proben %1,85ek eman dute positibo. Azterketa horiek egiteaz gain, aitzineko egunetan Leitzako osasun etxeanpositibo eman zuten eta horien kontaktuei testak egin zizkieten: 180.

Osasun protokoloei atxikita, asteburuan egin diren PCR probetan positibo eman dutenak eta horiekin kontaktu estuan egon diren pertsonak bakartu egin beharko direla nabarmendu du Leitzako Udalak. Gogoratu du negatibo eman arren positiboekin harreman estuak izan dituztenek ere bakartuta egon beharko dutela datozen egunotan. Horiei berriz ere PCR proba eginen diete geroago, eta noiz irteten hasi ahal izango duten esango diete osasun profesionalek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.