Albistea entzun

DARWIN ETA GU

'Una giornata particolare'

Jose Mari Pastor -

2023ko martxoak 18

Horditurik sartu dira autobusean, oihuka. Barruan, jendea molestatzen hasi dira. Jendea: neska gazteak. Hiru mozkorti nazkagarri dira. Hemengoak zein kanpokoak izan litezke. Oraingoan italiarrak ditugu. Anoetara joango dira, seguruenik, partida ikustera.

Bi eserleku libre nahi dituzte jartzeko. Bakarrik dagoen neska bati altxatzeko esan diote, modu txarrean. Neska beste emakume baten ondoan eseri da. Horrek ez ditu basapiztiak baretu, baina. Neskari oldartu zaizkio. Eta eraso. Puttana deitu diote. Gidariak kargu hartu dio hirukoteari. Haien artean hitz egiten ari direla erantzun dio batek. Gizonak irmo segitu du: «Nahi duzuena, baina utzi neskak bakean».

Bilbotik irten da autobusa, eta ondoko emakumeei erasotzen segitu dute hiru gizonek. Aurrean zein atzean dauden zenbait andrazkok aurre egin diete. Italiar bat haiek grabatzen hasi da. Halako batean mutil bat altxatu da. Isilik egoteko eta neskak errespetatzeko. Horixe esan die. Eta arabiarra dela. «Zuek ez duzue amarik, arrebarik, alabarik?». Italiarretako bat zutitu, eta kamiseta erantzi du, borrokan hasteko edo. «Nahi baduzu, Donostiako geltokian ikusiko dugu elkar», adierazi du gazteak.

Atzeko andre batek lekua aldatzeko prest dagoela esan dio neska bati. «Ni zaharra naiz, eta bakean utziko naute». Proposamena baztertu dute bi neskek: «Guk ez dugu inondik mugitu behar; eskubide osoa dugu hemen egoteko». Italiarrak kexatu egin dira: «Racismo, racismo!». Arrazakeria omen da haiei kontra egitea. Arrazakeria zer den jakingo dute? Inoiz sufritu dute? Haietako bat call the police oihuka hasi da. Kasu egin diote, antza: ibilgailua Durangora iritsi baino lehen gelditu du gidariak. Eta the police sartu da.

Ertzainek hiru italiarrak atera dituzte autobusetik. Zer gertatu den galdetu diete bi neskei. Haiek adierazi dutenez, leihatilan txartela erosi dutenean hasi zaizkie puttana deitzen. Salatzeko esan die ertzain batek. Mutil arabiarra poliziei mintzatu zaie: «Zuek atxilotuta, zortea izan dute. Donostiara heldu balira, ez ziren bizirik itzuliko Italiara».

Izan ere, gazteak mezua bidali die lehengusu eta lagunei hiru tipoei harrera beroa egiteko Donostian. Horietako bat Tolosatik atera da. Mutilak atzera egiteko esan dio, autobusean ez baita jadanik italiarrik. Emakume batek eskerrak eman dizkio nesken alde egiteagatik: «Kontuz ertzainei zer esaten diezun, arazoak izan ditzakezu». «Berdin dit. Nik bizi osoan izan ditut arazoak. Sahararra naiz».

Lasaitu da giroa. Noiz izango da hurrengoa? Gaur italiarrak izan dira erasotzaileak; bihar, munduko beste leku batekoak izango dira. Euskal herritarrak ere bai. Galde diezaietela larunbat gauetan Donostiatik Gasteizerako, Iruñerako edo Bilborako azken autobusak hartzen dituzten neskei. Batzuetan, gizon kuadrillak sartzen dira, sagardotegitik bueltan. Okerrenak 40 urtetik gorakoak omen dira. Adurtiak. Batek jakin alabarik ote duten. Baina alabarik izan behar duzu emakumeen aurkako erasoez jabetzeko?

Sahararra ondoko gizonarekin hitz egiten hasi da. Sei urterekin etorri zen lehenengoz Gipuzkoara, udan. Geroztik, bigarren familia du berton. Argazki bat erakutsi dio. Hantxe agertzen da. Polisarioaren uniformea du soinean. Duela gutxi izan zen sorterrian. Marokoarrek oso arma berezi eta sofistikatuak dituzte. Ez dira erraz hautematen sahararrei airez erasotzen dietenean.

Donostiara iritsi da autobusa. Bidaiarien artean gizon ugari daude. Soilik horietako batek defendatu ditu bi neskak. Emakumeak, berriz, ez dira kikildu erasotzaileen aurrean. Hainbeste sentsibilizazio kanpaina, hainbeste aldarrikapen ozen, eta gazte saharar batek eman digu lezioa. Berak erakutsi du kuraia zibikoa.

Ettore Scola italiarrak Una giornata particolare lana filmatu zuen 1977an, Sophia Loren eta Marcello Mastroiannirekin. Italiar askok Mussolini babestu zutela azaldu zuen pelikulan. Faxismoa salatu zuen. Hainbat lagunek harekin izaniko konplizitatea. Isiltasuna. Koldarkeria.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema baten aldeko protestak

«Euskal Herritik Euskal Herrirako hezkuntza sistema propio bat behar dugu»

Irati Urdalleta Lete - Jone Bastida Alzuru

Euskara ardatz izango duen hezkuntza sistema baten aldeko protesta jendetsuak egin dituzte ikasleek Hegoaldeko hiriburuetan. Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute.

'Batasunaren bidean' giza katearen aurkezpena. ©Maialen Andres / FOKU

Giza katea egingo dute bihar 8.000 lagunek, euskara batuaren alde

Julen Otaegi Leonet

Errenteria eta Donostia artean egingo da giza katea; 8.226 metro luze izango da. Euskara batuak Euskal Herriaren «garapenean izan duen balioa azpimarratzeko» eta haren bultzatzaileak «oroitzeko» egin dute deialdia.

Isabel Zelaa Hezkuntza ministro ohia, artxiboko irudi batean. ©Luca Piergiovanni / EFE

‘Zelaa legea’ babestuko du Konstituzionalak, Voxen helegite bat atzera botata

Berria

Epaimahaik atzera bota du ikasleak sexuaren arabera bereizten dituzten ikastetxeak diruz laguntzearen alde egiten zuen ebazpen zirriborroa.

SAE, ELA eta CCOO sindikatuetako ordezkariak, gaur, Nafarroako Parlamentuaren aurrean. ©jagoba manterola / foku

Osasunbideko lan baldintzen legea onartu dute Nafarroako Parlamentuan, ia aho batez

Ion Orzaiz

11/1992 Foru Legea moldatzearen alde egin dute talde gehienek. Ezkerrak abstentziora jo du, «mahai orokorraren oniritzirik ez duelako».

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.