Lizarrako El Puy eskolan abusuak jaso izana salatu dute lau ikasle ohik

1960ko hamarkadan gertatu ziren erasoak. Gotzaintzak dio ezinezkoa dela ezer frogatzea

Iruñeko Artzapezpikutzaren jauregia, artxiboko irudi batean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Sokatik tiraka, pixkanaka ari da egia azaleratzen. 1960ko hamarkadan sexu abusuak pairatu izana salatu zuen Lizarrako (Nafarroa) Nuestra Señora del Puy ikastetxe erlijiosoko ikasle ohi batek iragan asteartean. Orain, beste hiru ikasle ohi batu zaizkio salaketa horri, eta gehiago ere izan daitezkeela ohartarazi dute: «Lizarran, denok bagenekien sekretu horren berri, baina orain arte ez da publiko egin», azaldu zuen salatzaileetako batek, Diario de Noticias egunkarian. Izen bera ageri da salaketa guztietan: Jose San Julian Luna apaiza, El Puy ikastetxeko zuzendari izandakoa eta duela 25 urte zendua. Biktimen arabera, haurrek ikasgelan bertan pairatzen zituzten abusuak, San Julianek arbelera aterarazten zituenean. Gainera, abusuei izkin eginez gero, zigor fisikoak ezartzen zizkien; besteak beste, iletik tira egin edota belarrondokoak ematen zizkien.

Foruzaingoak herenegun erregistratutako salaketetako batean, ikasle ohi batek azaldu du 1963. urtean ikastetxeko zuzendariak biluzteko agindu ziola, eta horrela egonarazi zuela «10 edo 15 minutuz, bera begira zegoen bitartean». San Julian «pertsona sadikoa eta oso biolentoa» zela adierazi du salatzaileak, baina gaineratu du ez zela ikastetxeko abusatzaile bakarra: «Beste irakasle batzuek ere indarkeria erabiltzen zuten haurren kontra, inpunitate osoz». Salatzaile guztiek ohartarazi dute abusuak «ohikoak» zirela eta, orain arte lau salaketa jarri badira ere, biktimak askoz gehiago izan daitezkeela.

Gotzaintzak ez daki ezer

Nuestra Señora del Puy ikastetxeko zuzendaritza harremanetan jarri da egungo ikasleen familiekin, «lasaitasuna transmititu eta izan ditzaketen zalantza guztiak argitzeko».

Bestalde, Iruñeko Artzapezpikutzak nabarmendu du salaketen jomugan dagoen apaiza duela 25 urte zendu zela; «hortaz, ezinezkoa izan da testuingurua ezagutzea eta salatutako gertakarien egiazkotasuna frogatzea». Gotzaintzak dio, hala ere, «zero tolerantzia» aplikatuko duela «Elizaren barruan gertatutako edozein abusuren inguruan», eta biktimek salaketak aurkezten ahal dituztela «esparru kanonikoan, Elizaren egungo protokoloen arabera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.