Laboral Kutxak 46 milioi euro irabazi ditu, eta hornidurak handitu ditu

Maileguak jasotzeko arazorik ez duen arren, badaezpada 25 milioi baztertu ditu. Enpresei eta dendariei emandako kredituak asko handitu ditu. Kontsumorako kredituak %15 gutxitu ditu

Txomin Garcia eta Xabier Egibar Laboral Kutxako buruzagiak.
Iker Aranburu.
2020ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Laboral Kutxak ere ongi eutsi dio koronabirusaren krisiaren lehen zatiari. Urteko lehen erdian irabaziak izan ditu —46 milioi— , nahiz eta badaezpada 25 milioi baztertu dituen, krisiaren ondorioz bere bezero batzuk maileguak itzultzeko izan ditzaketen arazoak estaltzeko. Edonola ere, Mondragon taldeko kreditu kooperatibak azpimarratu du ez zuela horniduren beharrik, oraingoz mailegatutako dirua berreskuratzeko arazorik ez duelako izan. Are gehiago, maileguen berankortasuna zortzi ehunen jaitsi du, %3,65 arte.

Azken urteetan bezala, Laboral Kutxak ohartarazi du garai zailak bizi dituztela bankuek, interes tasak zerotik oso gertu daudelako. «Krisialdiak eraldatze prozesuan murgilduta harrapatu du finantza sektorea, baita emaitzak lortzeko egoera ahulean ere». Testuingurua hori izanik ere, dirua irabazteko gai da. Azken bi urteetan 130 milioi eurotik gora irabaziditu, baina aurten nekez iritsiko da kopuru horietara, urteko lehen sei hilabeteetan mozkina %40 jaitsi duelako, eta urtearen bigarren erdia zaila izango delako ekonomiarentzat.

Interes tasak oso txikiak izan arren, haiek emandako irabazi tartea %1,6 handitu ahal izan du,124 milioi euroraino. «Likideziaren kudeaketa egokiaz» gain, maileguen ugaritzeak azaltzen du igoera hori. Izan ere, koronabirusaren krisiari aurre egiteko kredituak eskatu dituzte merkataritza sektoreak eta enpresek. 2019ko lehen erdiarekin alderatuta, hirukoiztu egin da mailegu berrien eskaria. Ondorioz, 14.663 milioi euro mailegatuak zituen ekainaren amaieran Laboral Kutxak, urtebete lehenago baino %8,2 gehiago. Batez ere, enpresa txikien eta ertainei emandako kreditua handitu da (+%27,9), baina baita negozio txikiei eta autonomoei emandakoa ere (+%15,6). Partikularrei utzitako diruan ez da aldaketa handirik izan azken urtean (+%0,3). Hipoteka maileguetan emandakoa %5,7 handitu da, baina azken hilabeteetan amildu egin dira kontsumorako kredituak (-%15,4).

Aurrezkia

Kontsumoa jaitsi ahala handitu da aurrezkia. Gaur egun, 25.247 milioi euro kudeatzen ditu Laboral Kutxak, urte hasieran baino %7 gehiago, eta duela urtebete baino %10,1 gehiago.

Azken sei hilabeteetako irabaziek handitu egingo dute Laboral Kutxaren kaudimena. Azken sei hilekoko emaitzak zenbatu gabe, %19,65eko kapitala zuen, CET1 ratioaren arabera neurtuta. Lehiakideen gainetik dagoen kopurua da. Kutxabankek, esaterako, %17,2koa duela esan zuen joan den astean, eta hura ere handienetakoa da. Kutxabankek berak 137 milioi irabazi ditu, horniduretarako 187 milioi jarri arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.