Onintza Enbeita.
BIRA

Kontrola

2022ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Nik ere batzuetan galdu egiten dut neure buruaren kontrola: txarrerako. Igarri egiten dut nola datorren amorrua hanketan gora eta nola hartzen didan urdaila osorik. Saiatzen naiz han urdailean egon dadin, baina ez dut digestioa egin eta botatzeko modurik aurkitzen. Gorantz igotzen hasten da eta, behin eztarrira iristen denean, kanpora ateratzen da: erremediorik gabe. Amorruak dena apurtzen du kontrolik gabe irteterakoan: esango ez nukeen guztia esaten du, pentsatu ere egiten ez ditudan gauzak berbalizatzen ditu, eta min egiten du. Amorruak min egiten die maite ditudanei eta batzuetan min egite dit neuri ere.

Askotan damutu egiten naiz nire amorruaren kontrola galtzeaz, baina gero arnasa hartzen dut. Eta arnasa hartzen dudanean ohartzen naiz neure buruari amorratzea onartuko banio hala sentitzen duenean, ez nukeela bonba atomikoaren moduan leher egingo eustearen eusteaz.

Amorru txikiak irenstera ohituta gaude: ni bai behintzat. Bordeegia ez izatearren, gatazkarik ez sortzearren... askotan gorde egiten dugu komentario edo tratu desegokiek eragindako ezinegona. Eta azkenean behar ez duenari botatzen diogu gure amorru guztia, eta gero hor egoten gara oilo epelaren moduan. Errazagoa litzateke merezi duenari pozoi dosi txikiak botatzea merezi ez duenari aho betean isuri aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.