Gerra Ukrainan

Errusiako tropak hasiak dira Kherson hiritik eta eskualdetik ateratzen

Ukrainak Kremlini leporatu dio Kherson hiria minaz betetzea. Kievek dio eskualdeko hamabi kokagune berreskuratu dituela. Putinek eskatu du material militarra fronteko «beharretara» egokitu dadila

Ukrainako bi soldadu, herenegun, Khersonen. STANISLAV KOZLIUK / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Ukrainako inbasioa hasi zenetik okupatu duen hiri garrantzitsuenetik, Khersondik, ateratzeko agindua eman zion herenegun Moskuk bere armadari, eta, Errusiako Defentsa Ministerioak atzo jakinarazi zuenez, tropak hasiak dira Kherson hiritik eta izen bereko eskualdearen iparraldetik erretiratzen. Kremlinek erabaki hori hartu du, argudiatuta hiria ezin dela «hornitu». Tropak Dnieper ibaiaren ekialdeko ertzera eramatekoak dira.

Halere, iragarpena eta mugimenduak gorabehera, Ukraina zuhurtziaz jokatzen ari da oraindik. Volodimir Zelenski herrialdeko presidentearen aholkulari Mikhailo Podoliakek herenegun adierazi zuen ezin dela erretiratzeaz hitz egin Ukrainako bandera Khersonen ikusi arte. Zelenskik berak, gauero eman ohi duen diskurtsoan, nabarmendu zuen Errusiako armadak, «etsaiak», ez duela «oparirik» egiten, eta «askatutako» lur eremu bakoitzeko jendea hiltzen dela. «Erne gehiegi poztearekin», ohartarazi zuen.

Hortaz, atzo Podoliakek Errusiari leporatu zion Kherson «heriotzaren hiri» bilakatu nahi izatea, eta egotzi zion bai minak jartzea «apartamentuetatik hasi eta estoldetaraino», baita hiria bonbardatu nahi izatea ere Dnieper ibaiaren beste ertzetik, ekialdetik. Hori dela eta, Oleksi Hromov Ukrainako armadaren buruzagiak jakinarazi zuen erasoarekin jarraitzen dutela, nahiz eta Errusiak esan duen tropak ateratzen hasi dela. Buruzagitza militarraren arabera, Errusiak okupatutako hamabi kokagune berreskuratu ditu Kievek azken orduetan.

NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko herrialdeek bidalitako ekipamendu militarra erabiliz, Ukrainak kontraerasoa hasi zuen irail hasieran, eta, Gerra Ikertzeko Institutua AEBetako think tank-ak gerra frontearen egoeraz kaleratzen dituen mapak aintzat hartuta, esan daiteke Errusiak inbasioaren ondotik okupatutako lurren %15 inguru berreskuratu dituela Ukrainak; batez ere Kharkiv probintzian, eta azken asteetan Khersonen. Hain zuzen, Kherson da Kremlinek irail bukaeran anexionatu zituen eskualdeetako bat; besteak Zaporizhia, Donetsk eta Luhansk dira.

Kherson toki estrategikoa da, eta Errusiak partzialki okupatuta dauka. Handik pasatu behar delako Krimeako penintsulara lurretik heltzeko. Gainera, Kherson kontrolpean edukitzea ezinbestekoa da, baldin eta Errusiaren asmoa bada Donbass eta Transnistria artean lurreko korridore bat egitea. Horrela, Itsaso Beltzerako sarrerarik gabe utziko luke Errusiak Ukraina.

Putin ez da joango G20ra

Ekipamendu militarrarekin lotuta, Vladimir Putin Errusiako presidenteak eskatu du armadaren material militarra egokitu dadila gerra frontean sor daitezkeen «benetako beharretara». Kremlinek horri buruzko ohar bat kaleratu zuen atzo. Mobilizatutako soldaduek armamentuaren kalitateari buruzko kexak plazaratu dituzte azken asteetan.

G20koen taldea osatzen duten herrialdeak goi bilera bat egitekoak dira asteartean eta asteazkenean Indonesian, eta Indonesiako Inbertsio Ministerioko bozeramaileak atzo adierazi zuen Putin ez dela joango. Indonesiako Gobernuak azaldu duenez, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa izango da Kremlinen ordezkaria batzarrean. Zelenski ere gonbidatuta zegoen, baina telematikoki parte hartzekoa da munduko herrialderik industrializatuenen foroan.

Bestalde, Irango Gobernuak atzo iragarri zuen misil balistiko hipersonikoak egin dituela, eta «antzemanezinak» direla misilen kontrako defentsa sistementzat. Iranek lehengo astean aitortu zuen Errusia dronez hornitu zuela, baina zehatu inbasioaren aurretik egin zutela operazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.