BIRA

Lehen eguna

Onintza Enbeita.
2018ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Karpeta berria eskuan duela atera da. Zehatz esplikatu digu zenbat ezagun eta ezezagun tokatu zaizkion bere taldean. Ondo irakurtzen duela esan diote gaur ere gelako gehienek: oporretan ez zaio ahaztu. Ordutegia ozen irakurri digu eskolatik etxerako bidean: birritan. Jantokia ikustera eraman ditu irakasleak, baina berak ez du han bazkaldu nahi: purea ematen dute askotan, eta maionesa oso gutxitan.

Haren nebari ez dio jantokiak buruko min handirik ematen. Ez badu nahi ez duela jango esaten du: ez jantokian ez beste inon. Irakurtzeak larritzen du gehiago. Ez du ozen irakurri nahi inoren aurrean: mugikorra eskatu digu kotxean, bideoak ikusteko. Karpetarik gabe atera da gelatik, lasai asko; jaka barruan utzita. Ez digu ezer kontatu: ez dakigu norekin jarri duten gelan. Lehengusina txikiari eskua emanda jaitsi du eskolako aldapa.

Txikiak ez dauka inolako kezkarik. Merienda eskatu digu atera bezain laster. Oraindik bazkaldu ere egin behar dugula azaldu diogu: ez direla klaseak goiz eta arratsaldez hasi, oraindik iraila dela. Berari bost. Esan digu eskolatik ateratzen denean otartekoa jaten duela beti: beti, beti, beti. Ez dakit konbentzitu dugun, baina ez digu berriro txorizorik eskatu.

Eta horrela gainditu dugu eskolako lehen eguna. Izeko, ze urrun dagoen ekaina...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.