Onintza Enbeita.
BIRA

Garrantzia

2018ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Egiten duguna garrantzitsua dela esan zidan. Bizi gara. Eta bizitzak berarekin dakartza konpromiso zenbait. Hori baino ez. Begiak platerak lez zabaldu zituen: eta hori gutxi al da? Baina piloa zerrendatu nizkion: zortzigarrenean isilarazi egin ninduen. Sendo esan nion nire lekuan edonork egingo zukeela gauza bera. Alto, esan zuen, alto.

Bizitzan egin ditudan hainbat gauza aipatu zizkidan, eta neu ere harritu egin ninduen. Halako batean berak niri esandakoa errebotatu nahi izan nion. Ez da egia. Jende asko egon da zu egon zaren lekuan, eta guztiek ez dute gauza bera egin, guztiak ez dira zu heldu zaren ondorioetara iritsi, denek ez dute bizirik irauten asmatu. Bera ikusten nuen niri esaten zizkidan hitzetan. Berak niregan ikusten zuena ikusten nuen berarengan, baina ezin nuen neure buruan horrelakorik ikusi. Eta hark ere ez zuen bere buruarengan halakorik ikusten.

Orduan ulertu nuen, zenbat kostatzen zaigun egiten ditugun gauzei daukaten garrantzia ematea. Zenbat gezur esaten dizkigun ispiluak itzultzen digun gu horrek. Eta bai, badakit, badakit batzuetan gauzei garrantzirik ez ematea irauteko modu bat dela. Hala ere, behinola agertokiak zapaltzea erabaki zenuten emakumeok: eman duzuen pauso bakoitza, esan duzuen hitz bakoitza, garrantzitsua izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.