Onintza Enbeita.
BIRA

Ura

2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Guk bageneukan ura; baita haren kontsumoa kudeatzeko partzuergoa ere. Esan zigun EAJk hobe genuela partzuergo handiago batera biltzea. Askok ez genuen nahi, baina, hauteskundeetan jendeak emandako babesa aprobetxatuta, guztiok sartu gintuzten. 2011 arte Busturialdeko Ur Partzuergoa kudeatu zutenek zorrak egin zituzten, baina hurrengo lau urteetan zor hori ordaintzea lortu zen eta partzuergoaren bideragarritasuna nahikoa agerian geratu zen. Ur-hornidura sarea berritzea zen gakoa. Ez dakit den sare hori konpontzea ez delako negozio errentagarria edo, baina orain ur partzuergo handiago batean gaude eta gauza logikoek ez dute balio. Dena da asmo handia bezain terriblea. Ur-hornidura sarea dagoenik ere ez dute esaten: Zadorratik ekarri nahi dute ura Busturialdera. Berez ez da ideia txarra, baina Busturialdean, Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, badago ur-emariak berreskuratzen nondik hasi, badago baso politika aldatzeko beharra, badago ur-hornidura sarea konpontzeko beharra... Nahiago dute beste edozein bide.

Guk ura geneukan, eta haren kontsumoa kudeatzeko partzuergoa ere bai. Orain Busturialdeko herritarrek ez ei daukagu urik, eta haren kontsumoaren kudeaketa negozio bihurtzen ari dira. Aldaketa klimatikoaz hitz egiten dizuten bitartean baliabide naturalak pribatizatzen dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.