BIRA

Itzulpena

Onintza Enbeita.
2019ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Ez da, antza, politikoki zuzena izan Icetak BERRIAri esan diona. Irrati kate batean esan dutenez, Icetak esan duena esan du, itzulpena zuzena baldin bada. Hau da, herritarren gehiengoak independentzia nahi badu demokraziak ahalbidetu egin beharko lukeela ez du esan PSCko buruak; hori, ustez, euskarazko egunkariak egin duen itzulpena baino ez da. Sakoneko arrazoira joan gabe ere, iraingarria da komunikabide bat horrela jartzea zalantzan. Kasu honetan, gainera, Espainiako alderdi politikoek aspaldian esan duten gauzarik logikoena esan du Icetak. Beste kontu bat da berak Katalunian ordezkatzen duen alderdiak zein asmo dituen Espainian; baina izatez, gauza logikoa da demokrazia herritarren nahietara egotea.

Borrell, Espainiako Atzerri Gaietarako ministroak, ostera, elkarrizketa amaitu egin du halako ondorio logikoetara iritsi orduko. Amaitu, amaitu esan du. Mundu globalizatu honetan itzulpen handirik behar ez duten hitzekin erakutsi du bere deserosotasuna. Baina euskarazko itzulpena zalantzan jarri dutenek normaltzat itzuli dute keinu hori: ez zaie larria iruditu politikari batek kazetariari egin behar dituen galderen inguruko kontuak hartzea. Eta hor bai, hor, beraiek dira egoeraren itzulpen okerra egiten ari direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.