Onintza Enbeita.
BIRA

Joanbideak

2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun
Zergatik deitzen dira etorbideak eta ez, adibidez, joanbideak?», galdetu zidan. «Ez dakit», esan nion, «gaztelaniatik hartutako hitza delako, agian? Haiek avenidan esaten dutenez, guk etorbidea». Urrunera begira gelditu zen: «haientzat ere berdin izan daitezke joateko bideak». Kaka zaharra! Ez zen galdera erretorikoa: lagunak erantzuna nahi zuen, eta bide batez, neuk ere bai. Trafiko seinaleek kontrakoa inposatzen diguten arren, munduko kale guztiek daukate norabide bikoitza.

Behinola Anarik egin zigun galderaz akordatu nintzen: ateak sartzeko ala irtetzeko diren, esaidazu... kantua lehenengoz entzun nuenean, ileak puntan jarri zitzaizkidan. Norbaitekin konpartitu nahi izan nuen zirrara hori, baina segurtasun handiegiz erantzun zidan: «Onintza, ateak kanpoan zeudenak barrura sartzeko asmatu zituzten harrizko etxeak sortu zirenean». Berdin dio, pentsatu nuen, hau hemen amaituko da: zu ez zara nire bizitzako gizona.

Eta galdera biak erantzun gabe jarraitzen duten arren, lotsa ematen dit kale zabalei etorbideak deitzeak. Nola izango dira etorbideak etorri nahi dutenak ez etortzeko legeak asmatzen ari bagara? Baina joanbideak ere ezin dute izan: aspaldi joanda behar luketenek hemen jarraitzen dute. Kaka zaharra! Zati baterako lana badaukat erantzuna bilatu nahi badut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.