Onintza Enbeita.
BIRA

Fikzioa

2018ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Jaungoikoa eta Ama Birjina iraindu zituela esan zuten haiengan sinisten duten zenbaitek. Bagenekien fededunei lagundu egiten diela Jainkoak, baina orain urrunago ere joan dira: haren aldartea ulertzen hasi dira, eta badakite noiz sentitzen den irainduta. Epaileek salaketa hartu eta abiatu egin zuten, eta akusatuari deklaratzera joateko deitu zioten. Normala denez, ez zen auzitegira azaldu. Eta diot normala denez, ze Jainkoaren eta Ama Birjinaren kontrako epaiketa batera neu ere ez nintzateke joango. Nola azalduko dute haiek irainduta sentitu diren ala ez? Nortzuk izango dira akusazioaren lekukoak: apostoluak, Jesus umea, Espiritu Santua? Nola galdetuko die defentsak ea ez ote diren irainduta sentitzen egunero esaten diren milioika kaguenekin? Nori ordainduko dio akusazioak kalte ordaina, halakorik balego?

Emakume batek eta txori batek ume bat egin zutela sinesten dutenek, Abrahamek bere semea Jainkoari eskaini nahia ontzat ematen dutenek, gizonaren saihetsetik sortu ginela esaten digutenek esango digute orain nork nor iraintzen duen?

Akusatua atxilotu ez balute, barre egingo nuke, baina honek guztiak aspaldi utzi zion barregarria izateari. Zoritxarrez, errealitateak sarriegitan gainditzen du fikzioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.