Onintza Enbeita.
BIRA

Han dago

2019ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Gure amama eta aitaita zorioneko koadro hori bertatik bertara ikusi gabe hil ziren, eta gure inguruko beste askorenak ere berdin. Gernikako bonbardaketaren zuzeneko lekuko egin zituzten gerrarik nahi zuten edo ez erabakitzeko aukerarik gabe, eta gerora jakin zuten badela zuri-beltzeko margolan bat euren begiz ikusi zutena azaltzen duena. Parisen erakutsi zuten lehenengo, New Yorkera eraman gero, eta handik Madrilera; eta orain, kaltetu egin daitekeelakoan, ezin da izena eman zion herrira etorri. Gernika izena dauka koadroak, eta 1937ko apirilaren 26an gernikarren eta bertan zeudenen kontra egindako bonbardaketa du ardatz, baina ezin dugu hemen erakutsi; eta batez ere, ezin dugu hemen ikusi.

Han dago Madrilen, Reina Sofia Museoan: Gernika erretzeko agindu zutenek indarrez ezarritako estatu buruaren emaztearen izena daraman museoan. Handik ari zaio Picassoren Gernika munduari oihuka. Enegarrenez begiratu diot abenduan, eta berriz ere oihu egin dit koadroan orroka dagoen emakumeak: atera nazazue hemendik, hemen hurbilegi daude besoetan dudan haurra hil zutenak. Eta zaldiaren irrintziak entzun egiten dira demokraziaren izenean zentsura aplikatzen ari zaizkigun garaiotan. Gu etorri gara etxera, baina usoak han jarraitzen du etxerako hegaldiaren zain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.