Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Kultura hitza aditzean...

2020ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Duela gutxi, frantses filosofo bati egindako elkarrizketa irakurri nuen, haren iritzia jakin nahian egungo egoerari buruz. Beharbada, ez nintzen testuaren mamiaz jabetzeko gai izan, baina eskas samarra iruditu zitzaidan, klixez jositako solasa. Frantses pentsalari zuri erretxinaren estereotipoa gogorarazi zidan: adineko moralizatzaile abaildua, baina betiere Errepublikaren balioen indar moralaz jantzia. Klasiko asko aipatu zituen: gaurko gizakiak burua galdu du, jendea artaldekeriak jota dago; itxaropena hiritar zentzudunengan dago, sen errepublikanoan, laizismoan... Amaieran, biribiltzeko, gutxi gorabehera honela esan zuen: gaurko jendeak ez du pentsatzen, ez du literaturarik irakurtzen, ez omen du kulturarik behar.

Urte luzeak antzeko esaldiak irakurtzen eta oraindik ez dakit gogoan zer daukaten horrelakoak esaten dituztenek. Esaldiaren lehenengo zatiari erreparatuz... zertan ote datza pentsamendu kritiko hori, literaturaren bitartez eskuratzen dena? Nolako ondorioetara eraman beharko gintuzke, kritikotasun maila egokia lortu al dugun jakiteko? Are garrantzitsuago, zer demontre irakurri behar da? Liburuak —zehaztasun gehiagorik gabe— jendaurrean apaizen modura gurtzen dituzten horiek, nire ustez, gizarte bereizketa elitistak eta soziologia merkea saldu baino ez dute egiten.

Esaldiaren bigarren ataleko mezuak, ordea, gehiago kezkatzen nau. Kultura nahasten denean adierazpen kultural, literario edota artistikoekin, alegia. Gehien-gehienetan, gainera, merkatuan salerosi daitezkeen artefaktuei buruz ari dira, edota diru trukeko ekimenez. Gizarteko kulturen arteko bereizketa hierarkikoa egiten da sarri: horrelako produktuak erosi eta ezagutzea kulturan parte hartzeko bidea izaten da. Horren ondorioz, salerosketa horretan parte hartzen ez dutenak kulturagabe izendatzeko arriskua dago.

Eta horrela gabiltza. Amonak, tematuta, «kulturarik ez daukala» eta «ez dakiela ondo berba egiten», nahiz eta nik baino askoz adierazkortasun oparoagoa izan eta nahiz eta bizitza luzea eman duen unibertso oso bat bere baitan elikatzen, hein handi batean gehiago existitzen ez diren belaunaldiek eta gizarteak emana. Inork kontsumitu ezingo duen kultura.

Kultura hitza aditzen dudan bakoitzean... ez, ez dut pistola ateratzeko gogorik izaten. Gehienetan, aharrausi egiten dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.