Onintza Enbeita.
BIRA

Kito!

2021eko uztailaren 31
00:00
Entzun
Eman didate. Txertatuta nago. Paperak jartzen du Pfizer eman didatela. Izurria hasi zenean argi neukan ematen zidatena bartuko nuela, baina ordua hartu nuenetik hona zalantzak izan ditut. Ez txertoagatik; baina bai egoeragatik. Eta inprobisazioagatik. Gure gurasoak eta ni aldi berean izan ginen positibo. Aspalditik txertatuta daude bai ama eta bai aita: bina dosirekin. Niri esan didate ezin didatela Janssen eman dosi bakarrekoa delako, eta positiboa izan nintzenez, nik dosi bakarra hartuko dudala. Hau da, positiboa izandakoa naizenez, dosi erdiarekin nahikoa dudala; beraz, Pfizerren dosi bakarra emango didatela. Orduan zalantza geratu zait: zergatik nire gurasoei dosi biak eman dizkiete eta niri bakarra?

Eta berriro pentsatu dut inprobisazio handiz ari direla gauzak kudeatzen. Litekeena da hilabete pare batean zientziak erantzun berriak ematea, baina ez dakit. Hasieran pentsatzen nuen txertoak bakea emango zidala, baina honek ere ez dit amorrua erabat baretu. Ez, ez daukat sartu didatenarekiko zalantzarik, ez dut uste mikrotxipa sartu didatenik eta gutxiago txertoak denok hilko gaituenik. Baina gauzak ez daudenean zentzunez eginda, zilegi da gogaitzea eta akitzea. Are gehiago jendeak esateko daukan gauza bakarra denean «orain bidaiatu dezakezu». Ez al ginen osasunaz ari?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.