Onintza Enbeita.
BIRA

Grisa

2021eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Agian, hau irakurtzen dugunerako eguzkiak berotuta egongo gara, baina oraintxe bertan, grisa da mundua. Udazkena ez da egonkorra eguraldiari dagokionez, eta agian horrexegatik da grisa: ez delako uda bezain argitsua eta ez delako negua bezain beltza. Eguna asko moztuta dago honezkero, eta baratzera joateak pena pixka bat ematen du. Pena ematen du abundantzia amaitu egin delako. Gustatu egiten zaigu gauzak eta gauzak ikustea ortuan; nahiz eta jakin badakigun ez dugula guztiak jateko astirik izango. Oparitu egingo ditugu edo oiloei eman edo saldu edo alferrik galdu; baina kolore eta produktuen ugaritasunak bete egiten gaitu.

Orain, ordea, dena da berdea azalorea, porrua, aza gorria eta beste zeozer salbu. Eta udaberrian ederra den bezala, udazkenean eta neguan grisa da berdea. Neguko berdeak ez digu ezer esaten; udaberrian, ordea, berde desberdinak antzemango ditugu, eta loreak, eta kontrasteak. Seguruenetik orain ere izango dira berde desberdinak, baina ez digute alaitasunik transmititzen. Udazkena nostalgiatsua da literaturan, eta hala eraiki dugu gure bizitzetan. Aurten, ordea, litekeena da espero genituen notiziak ekartzera etorri izana, eta, sinbolikoki baino ez bada ere, atzotik hona, gure bizitzek gristasun apur bat galdu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.