Onintza Enbeita.
BIRA

Mugitzeaz

2022ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Bota omen zion arbola gainean lasai zegoen txoriari tiroa eta ez omen zuen jo. Bota ei zion bigarrena eta txoria hasi zen hegan, lasai. «Joño!», esan omen zuen, «hauxe bai txori gogorra!». Ez zekien nonbait eskopetarekin tiro egitea ez dela nahikoa; akabatu nahi dugun horri eman ezean alferrik dela, alegia. Ez dakit zenbat txori ehizatuko zituen, baina pentsatzen dut denborarekin punteria findu egingo zuela.

Horrela egiten da politika hemen: jotzen dute tiro bat eta herriak zer egiten duen ikusteko zain gelditzen dira. Herria geldi geratzen bada, beste tiro bat botatzen dute; ahal dela handiagoa. Eta herriak geldi jarraitzen badu, han entzungo da hirugarren tiroa ere. Azkenean, herria mugitzen hasten bada, eskopeta gorde egiten dute eta gehiegizko erantzuna leporatzen diote jendeari. Ustezko tiro bi jaso eta gero, hegan atera zen txoria bezain gogorra omen herria. Ez baita kontua zenbat tiro aguantatzen ditugun mugitu arte: mugitzea bera baita zalantzan jartzen dena.

Mugimenduan dabilena bizirik dago, ordea, geldi jarraitzen duena ez bezala. Txoriak hegan alde egin ez balu, ehiztaria ez zatekeen ohartuko ez zuela hil, eta berdin gertatzen zaigu gure agintariekin ere: mugitzen ez bagara, gure burutik behera txiza egitea libre dela pentsatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.