Onintza Enbeita.
BIRA

Madalenak

2019ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Madalenetan izan da; gure ondoan, Ibarrangelun. Erasoaren graduak, erasotzaileak bere asmoa betetzeko izan duen moduak, asaldatu egin nau, eta aspaldiko madalenez gogoratu naiz: orduan normalak omen ziren gauzez. Autobusak etortzen ziren Elantxobera, eta guztia libre omen zen jai baten parte sentitzen ziren zenbait. Akordatzen naiz ze zaila izaten zen batzuei ihes egitea. Akordatzen naiz nola sartu zitzaigun behin gizonezko bat kremaileratik zakila zeriola kuadrillako korroaren erdira, eta bere burua aurkeztuz muxuak eman nahi zizkigula. Akordatzen naiz nola ukitzen ziguten ipurdia barran eskatzen geundenean. Nola esaten ziguten bordeak ginela ez bagenuen haiekin hitz egiteko gogorik. Nola jolasten ziren batzuk zenbait neskari kamisetak bustitzera. Nola inguratzen ziren hainbat gizon mozkor izugarria zeukaten neskengana.

Duela hogeita bost urte ia normaltzat hartzen genituen gauzak dira, baina orduan ere ez ziren erosoak. Mugimendu feministak beste ahalduntze bat eman digu eta poztu egin nau Ibarrangeluko herriaren erreakzio azkarrak eta zorrotzak. Gertatuak onartzeak ez ditu jaiak izorratzen: zenbait pertsonaren jarrera zikina erakusten du. Madalenek ederrak izaten jarraitzen dute. Gure gorputzen gainetik pasatu nahi izatea, sekula ez da hala izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.