Onintza Enbeita
BIRA

Hizkuntzak

2019ko irailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Egun gutxiren barruan birritan ibili gara erdaraz egin behar eta ezinean ibili diren (edo garen) euskaldunei buruz. Anekdotak izugarriak dira, eta txizak irten arte egin dut barre batzuekin eta besteekin. Etxera heldu orduko, ordea, negarrak egin dit ihes. Badira erridikulua handinahiaren ondorioz egin dutenak, baina gehiago dira umiliatuak. Eta bat pentsatzen hasten bada, kontuak grazia galtzen du.

Asko hitz egin dugu maketo edo belarri-motz deitu izan zaion jendeari buruz, eta haien haserrearekin bat ez egitea ezinezkoa da. Baina badira aldeana, borona eta kasera eta beste edozer deitu zaienak ere. Euskalduna, gaztelaniaz ondo egiten ez zuena, ez jakintzat hartu izan; eta hartzen da. Gaztelaniaz ondo ez moldatzeari barre egiten diogu, baina euskaraz ondo moldatu ez arren, gure hizkuntzan ari direnei eskerrak ematen dizkiegu. Eta eman behar zaizkie, baina gurekin ez du inork enpatizatzen.

Niretzat zaila izan zen gaztelania. Genero sistema hori, ar eta emeentzat artikulu desberdinak erabiltzea, preteritoak... Madrilera joan nintzenean ez zidaten besterik esaten: «Onintza, gaztelaniaz ondo, e!?, ez genekien horrela moldatzen zinenik gaztelaniaz». Beharko, aizue. Entzun ditugunak entzun eta gero, jende aurrean gaztelaniaz gaizki egitera edonor ausartuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.