Onintza Enbeita.
BIRA

Oroitzapenak

2021eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Badira umetan iltzatuta gelditzen zaizkigun oroitzapenak. Gaur bezalako egun batez uholde txikiak izan ziren. Ariatzako eskolan geunden maistraren zain, eta Erkezabaleko Joakin etorri zen Peugeot batean. Gernika urez betetzen ari zela esan zigun, errekak gainez egin zuela, eta andereƱoa ezingo zela Arratzutik etorri. Kotxean hartu eta etxera eraman gintuen. Berak ez zeukan seme-alabarik eskolan, gutako inor ez zen haren familiakoa, baina etxera eraman gintuen. Sakelakorik ez zegoen eta nolabait abisatuko zioten maistra ezingo zela etorri, eta bere borondatez etorri zen gure bila. Ordura arte Maribi izan genuen zaindari. AndereƱoa etorri arte bera egoten baitzen gurekin. Kotxean sartzen lagundu zigun eta etxera ekarri gintuzten. Uholde txikiak izan ziren: 83an baino txikiagoak. Haien ikarak alarma sortu zuen, eta arin hustu zuten Gernikako erreka ingurua. Ez zuen hiru urte lehenagoko mailarik hartu urak, baina bereak egin zituen.

Beti gogoratzen naiz egun hartaz eta herritarrek eskolan zuten inplikazioaz. Etxera etorri eta osaba batek deitu zigun lehengusina berria jaio zela esanez. Amama Klara eta Aitita Balendinek xanpaina ireki zuten. Hura izango zen xanpaina edan nuen lehen aldia ere. Ze gauza gogoratzen ditugun...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.