Diego Pallés Lapuente.
EGUZKI EPELEAN

Hizkuntza «koofizialak»: terminologiaren tranpa

2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Urte arraroa izaten ari da euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko borrokan, eta aurreko asteko gertaerek are bereziago bihur dezakete: datozen hilabeteetan argituko da ea Belgikan bizi den gizon katalan bat azken urteetan euskararen ofizialtasunaren alde gehien lortu duen pertsona izango ote den. Auzi hori edonola ebatzi ere, hari esker esamolde bat berriz oparo agertu da gaztelaniazko prentsan, aspalditik topatzen ez nuena: «Hizkuntza koofizialen erabilerak dakartzan erronkak», «Zenbat dira Espainiako hizkuntza koofizialak?», «Nola zaindu gaztelania hizkuntza koofizialen aurrean?».

Agertu ere, koofizial hitza ez da agertzen ez Euskararen Foru Legean, ez Euskararen Erabilera Normalizatzeko Legean, ezta Espainiako Konstituzioan ere. Aldiz, lege horien guztien arabera, euskara eta gaztelania, biak ala biak, hizkuntza ofizialak dira. Beste era batean adierazita, biak koofizialak direla —alegia, elkarrekin ofizialak— esan daiteke, baina ez bat bai eta bestea ez.

Demagun zeure lagun bat eta biok elkarte bateko presidentetza bikoitzera iritsi zaretela. Susmagarria litzateke lagunak ahal duen bakoitzean zera errepikatuko balu: «Bai, bai, hi elkarteko kopresidentea haiz, eta ni, presidentea». Koofizial hitza ofizial hitzari kontrajartzeko joera kontziente ala inkontzienteak hizkuntza supremazismoaren ideologia makurra ezkutatzen du—beti gaztelania ofiziala, beti euskara koofiziala—. Batzuetan ezin garrantzitsuagoa, beste askotan sinbolikoa baizik ez den estatus hori, ofizialtasuna, gutxietsi egiten dio joera horrek euskarari, legeak ematen dion apurra baino are gutxiago merezi izango balu bezala. Eta okerrena da bereizketa hori egitea erabat normalizatuta dagoela, hizkera neutrotzat hartzen dela, baita euskaldun askoren ahoan ere.

Euskarari modu bereizgarrian erreferentzia egiteko termino egokiak badaude: hizkuntza gutxitua, bere menpekotasun egoera kritikoki eta duintasunez aipatzeko. Hizkuntza propioa, komunitate historikoari erreferentzia egiteko —legeek ere jasotzen duten terminoa—. Eta, komeni denean, hizkuntza ofiziala ere bai. Nahiz eta betiere gogorarazi behar den daukagun plastikozko ofizialtasun honek ez duela balio diglosia, hizkuntza ordezkapena eta oinarrizko eskubideen zapalkuntza desagerrarazteko. Eta, oroz gain, ofizialtasun hau ez dela existitzen Euskal Herriko lurren ia %55ean: ofizialtasunaren pean hamar herritarretik zazpi bakarrik bizi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.