Onintza Enbeita.
BIRA

Birjinak

2018ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Barru-barruan ez dit ardura ezagutzen ez dudan jendearen bizitzeko moduak, betiere haien hautua denean horrela bizitzea; baina irakurri batean ezin izan dut begiak plateren moduan irekitzerik saihestu. Ez da gutxiagorako ni baino hamar urte gazteagoa den neska batek Birjina Kontsakratua izatea erabaki duela irakurtzea. Ez naiz ni haren erabakia epaitzeko inor, jakina. Harridura baino ez dut aitortu nahi. Sinisten dut norberak baino ezin duela erabaki bere bizitzan zenbat eta norengan sinestuko duen.

Kontua da ez zaidala kasualitatea iruditzen zenbait egunkaritan azalera eramatea fedearen aldeko hautu erabatekoaren garrantzia edo gotzainarenganako menekotasunaren solemnitatea. Eta hor erabaki pertsonal zenbaiten eta fedearen beraren erabilera mediatikoa argia da.

Elizak nahi duena aldarrikatzea dauka bere parrokietan, baina beste guztiok normalizatu nahi ditugun jarrerak alboratu izana balio handitzat saltzea ez dator munduarekin bat. Eta berriro ere, birjinak ez izateaz harro gauden emakume guztion kulpa aldarrikatzen ari dira zeharka. Eta bi mila eta hamazortzigarren urtez jarraian, emakume onak eta txarrak nortzuk garen inposatu nahi digute Gipuzkoan gehien saltzen omen den egunkariaren azaletik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.