Onintza Enbeita.
BIRA

Pausoak

2018ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Gure lagun batek esaten du hamar mila pauso egin behar direla egunero. Iluntzeetan garagardoak hartzeko horixe du motibazio. Ez dirudi airera egindako kalkulua denik: aspaldi egin nuen dieta baten paperean ere, pauso kopuru bera gomendatu zidaten. Ez dut ibiltzearen garrantzia zalantzan jarriko, baina lagunarekin oporretara joanda, majo kosta izan zaizkit garagardoak. Leher eginda nagoela uste dudanean, sakelako telefonoa atera, eta barreka esaten dit: oraindik zazpi mila. Bakarrik?

Gaiak larrituta nauka. Izan ere, buru adina teoria daude, eta gure auzoko gizon batek esaten du munduan egingo dugun denbora neurtuta dagoela. Horraino dena normal. Baina hara non, haren arabera, denbora hori, emandako pausoen arabera neurtzen den. Esate baterako, Onintza jaiotzear zela, guk ez dakigun leku batean paper bat jarri zuen norbaitek horman: zortziehun mila miloi pauso. Eta horiek emandakoan, agur!

Behin honezkero, aukerak argiak dira: lagunarekin oporretara joateari utzi, auzoko gizonaren teoria entzun ez banu bezala egin edo terapia ordaindu angustia hau kentzeko. Eta bai, nahiago terapia egin. Kosta egiten da inguruko mezuei kasurik ez egitea edo lagunak norberarenera moldatzea, eta jo batera eta jo bestera makina bat pauso alferrik galtzen ditugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.