Onintza Enbeita.
BIRA

Galdutako objektuak

2019ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Mikel Zabalzaren ama galdutako objektuen atalera bidali zuten guardia zibilek. «Galde ezazu galdutako objektuen atalean», erantzun zioten semea han ote zegoen galdetzera kuartelera joan zenean. Esan egin behar da hori. Esan egin behar da.

Eta bai, han zeukaten Mikel itolarri, kolpe, elektrodo eta bainuontzi artean. Han eduki zuten gorputza lehertu zioten arte; eta gero, errekara bota zuten. Endarlatzan agertu zen Zabalzaren gorpua duela hogeita hamalau urte. Ihes egiten saiatu zela esan zuten gero, baina nork sinistu ama bat halako gorrotoz umiliatzen duenari? Eta gorrotoa ondo saretuta egon da hemen. Tortura posible izan da torturatzaileek inpunitate osoa izan dutelako. Eta torturatzaileek inpunitate osoa izan dute, norbaitek, Gobernuko bulego batean, erabaki zuelako zenbaiten kontra edozerk balio duela.

Orain aitortza, erreparazioa eta egia eskatzen dira biktima guztientzat. Hala behar luke. Erreparazioa berandu iritsiko zaie batzuei. Jadanik berandu da; beraz, hemendik aurrera beranduago. Egiak bidea egin behar du. Ahazturari aurre egiteko ez baita nahikoa oroimena: egia behar da. Eta aitortza; biktima guztien aitortza, gure memorian objektu galdurik egon ez dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.