Onintza Enbeita.
BIRA

Azken-aurrekoa

2020ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Bidea luzea da, baina ohitu egin gara. Badakigu non geratu, gasolinak noraino iraungo digun, zein herri pasatu behar ditugun. Kartelak irakurtzen doa kopilotua eta izen guztiei euskal kutsua bilatzen saiatzen da gidariari tardantza emateko. Berriz ere auto pilaketak daude betiko lekuan, euria ari du. Puzka hasi gara guztiok, baina ez dugu ezer esan badakigulako nahikoa daukala bolantean doanak: oraindik apenas egin dugun bidearen erdia. Mila aldiz komentatuko genituzkeen gauzez hitz egin dugu, herriko azken nobedadeez, kantuan etorri gara zati batean eta isilik beste batean. Eta oraindik ordu bete falta da iristeko. Berriz ere hasi gara zerotik: mila aldiz komentatutakoak, nobedadeak, kantuak eta isiltasuna. Iritsi gara. Hemen dago kartzela eta hemen ondoan lotarako lekua. Berriz ere urrun, berriz ere luze. Oraingoan, ordea, pozik gaude. Pozik gaude, datorren urtean garai honetan, ez dugulako etorri behar izango, ez hurrengoan, ez hurrengoan. Ondo beharrean, aurtengo udazkenean etxean besarkatuko dugu elkar eta kontatuko dizkiogu elkarri herriko nobedadeak eta hitz egingo dugu mila aldiz berba egin dugun gauzei buruz eta egongo gara isilik elkarren ondoan; etxean. Azken-aurreko bidaian gaude, beti bezain irribarretsu, inoiz baino nekatuago, sekula baino pozago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.