Onintza Enbeita.
BIRA

Maite zaitut

2022ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Neuk ere askotan esan dut gauzak esan baino gehiago erakutsi egin behar direla. Ez duela balio norbaiti maite duzula esateak, alegia; maitasuna erakutsi egin behar dela. Kontua da adinak bigundu egin nauelako edo, besterik gabe, maitasuna erakusten duenari errespetua zor zaiolako, eskertu egiten dudala entzutea. Eta eskertu egiten dut esateko gaitasuna izatea. Ez bakarrik bikotekideari, edo seniderik hurbilenei: lagunei esatea ere ederra da. Zer esanik ez, lagunengandik maitasun adierazpen bat jasotzea. Duela urtebete inguru izango zen: ez nengoen ondo. Mugimendu handiak nituen barruko mareetan, eta holakoetan kolpe itsuak emateko joera daukat. Lagun bati deitu nion hanka sartu nuela esplikatzeko eta berak bakarrik «maite zaitut» erantzun zidan. Uste dut sekula ez ditudala hitz batzuk hainbeste eskertu. Maitasun erakustaldi itzela iruditu zitzaidan. Esaten ari zitzaidan berdin duela noraino sartu dudan hanka, berak berdin maite nauela, eta horrek lasaitasun handia eman zidan. Hanka ateratzeko bidea aurkitzeraino ia-ia. Azken boladan espero gabe jaso ditut maitasun adierazpen batzuk, eta indartu egin naute. Eta pentsatu dut nik eskertu ditudan beste eskertuko dituztela beste batzuek ere halako hitzak; beraz, maitasuna hitzez ere adierazten jarraituko dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.