Onintza Enbeita.
BIRA

Santa eskea

2019ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Neska-mutil talde bi pasatu dira azokatik San Agedari kantuz. Astelehena hotz hasi da, eta makila hotsak, beste guztiaren faltan, irribarrea behintzat atera digu. Joan dira kantariak eta etorri da bera. Kalean ikusi omen ditu umeak kantuan, eta ez ei die dirurik eman. Hasieran, aukera zilegia iruditu zait, baina gero ez da isildu; eta ni ere ez. Ez omen zaio txukuna iruditzen ikasketa bidaiarako dirua eskatzea. Kausa handiagoetarako batu behar omen da halako egunetan: lehen egiten zen bezala. Ezetz esan diot: entzuna dudanez, lehen ez zela dirurik jasotzen. Egunean bertan jateko txokolatea eta intxaurrak akaso, edo asko jota, erretako etxeren baten aldeko sos gutxi batzuk. Atzamarra zuzen ipini dit, eta neuk ere bai. Eskubidea daukate gazteek ikasketa bidaia egiteko, eta eskubidea daukate han gauza berriak deskubritzeko, eta eskubidea daukate egiten dakitena eginez dirua biltzeko. Gehiago: ez dute zertan hainbeste azalpen eman diruari ematen dioten erabileraz. Eta galdetu dit ea dirua edozertan gastatzeko prest nagoen, eta erantzun diot ea hilabetero bere pentsioaren ehuneko zenbat ematen duen kausa handi horien alde. Ez daukat arrazoi osoa, baina berak ere ez. Ezin dut jasan zerbait egin behar luketenak beti besteak direla esan nahi didaten horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.