Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Euskal akademia

2018ko uztailaren 25a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezkoen Valentziako Akademia (Herrialde Katalanak) sortu dute, alorreko hainbat eragile batzeko elkarte baten falta zutelako. Autonomia erkidego horretako hainbat profesionalez osatuta egongo da; besteak beste, ekoizleez, banatzaileez, zinema zuzendariez, konpositoreez, gidoigileez eta kultura kudeatzaileez. Zuzendaritza Batzordean lau emakumezko eta sei gizonezko daude. Akademiaren behin-behineko zuzendaria Jose Llopis konpositorea da, eta helburuen artean sektorea kohesionatzea izango du. Horretarako, profesionalen berrikuntza eta formakuntza bultzatuko ditu; baita baliabide publikoen erabilpen politika zehatza ere, tokiko ikus-entzunezkoen sustapena eta kontsolidazioa lortzeko. Erakundearen jarduera eremu nagusia Valentzia izango da, hain zuzen, telebista, zinema, dokumentala, animazioa, bideojokoak eta euskarri digitalak lantzen dituzten enpresak. Akademiako bazkide izateko ezinbesteko baldintza da ibilbide profesionala egiaztatzea.

Valentziako ikus-entzunezko sektorearen egungo egoeraz eta ekoizpen baldintzez gogoeta kolektiboa sustatu nahi dute, edukien kontsumo eredu berriak ulertzeko eta finantzaketa aukerak egokitzeko. Funtsean, lurralde horretan sortzen diren edukien harrera maila hobetu nahi dute eta, aldi berean, balioan jarri sektorea osatzen duten askotariko profesionalen lana. Ikerketa gune zentrala ere bihurtu nahi dute akademia berria. Hala, ikus-entzunezkoei lotutako analisiak egingo dituzte, erakunde publikoei helarazteko eta ekimen berriak proposatzeko. Txosten zientifikoez harago, gainera, elementu teknikoen eta artistikoen gaineko eztabaidak bultzatuko dituzte. Akademia ez da hasi martxan oraindik, baina lehen pauso garrantzitsuena eman dute. Alegia, ofizialki eratzea.

«Sinestezina egiten zait 2018an oraindik Interneten kontsumitzeko euskarazko ikus-entzunezko produktuak sortzeko diru-laguntza espezifikorik ez izatea ez Eusko Jaurlaritzak, ez Foru Aldundiek». Xabi Payaren gogoeta da, BERRIA-n idatzitako Tren galduak zutabekoa. Sinestezina baino, atzerakoia iruditzen zait euskal erakunde publikoen jarrera. Zein da, bestela, Kulturaren Euskal Behatokiaren funtzioa? Agian, guk ere behar dugu alorreko eragileak batuko dituen Ikus-entzunezkoen Euskal Akademia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.