Onintza Enbeita.
BIRA

Kantabria

2022ko uztailaren 14a
00:00
Entzun

Gaur Ipar Euskal Herrian jaieguna da. Hobeto esanda, gaur Frantziak jaieguna du, eta Ipar Euskal Herriko bizilagunek ez dute lanera joan beharrik izango. Hobeto esan daiteke agian: gaur Frantzian jaieguna da, eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa menpean hartuta dituenez, han ere jaieguna izango dute. Hego Euskal Herrian ez da jai, ordea. Kontua da guk ez dugunean lanera joan behar telebistan erreportajeak egiten dituztela. Euskarazko telebista publikoan esan nahi dut. Askotan kontatzen digute hotelak beteta daudela, tabernak hasita daudela konfinamendu garaiko galerei erantzuten, nongoak diren guregana etortzen diren turistak... Gure bizitza aldatuko ez duten datu mordoa esplikatzen digute, baina gero, jaieguna Hendaian, Baigorrin edo Maulen denean, nahiago izaten dute Kantabrian gertatzen dena kontatzea. Euskaldun asko egoten omen da Laredon edo Castron edo Nojan eta interesekoak omen dira guretzat hango kontuak. Ez dakit ze puntutaraino egiten duten euskaldunontzako kazetaritza, baina argi dago zerbaitek huts egiten duela. Eta huts egiten duten gauzek ez dute beti halabeharrez huts egiten. Autobidea debalde izatea ez da euskal herritarrak mendebalderantz bultzatzen dituen gauza bakarra: gure mapa mentala aldatzen ari zaizkigu aspalditik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.