Onintza Enbeita.
BIRA

Gauza galduak

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
«Semea galdu baduzu, bila ezazu objektu galduen atalean». Hala erantzun zioten Mikel Zabalzaren amari Intxaurrondoko kuartelean, ea bere semea han zeukaten galdetu zuenean. Handik egun batzuetara, objektu galdu baten moduan bota zuten Zabalzaren gorpua Bidasoa ibaira. Jakin nahi ez zutenek ere bazekiten, ama bila joan zitzaionean, han zegoela semea, Guardia Zibilaren eskutan. Artxibatu zuten kasua eta kito: komisarietan inoiz ez da ezer gertatzen. Mila aldiz esan digute ETAkideek jasoa zutela atxilotzen bazituzten torturatu egin zituztela esateko agindua: eskuliburu bat ere ba omen zeukaten jarraitu beharreko irizpideekin.

Mikel Zabalza hil zutenetik urte asko pasatu dira. Gehiegi, egiaren zain dagoenarentzat. Eta hara non aurkitu duten orain, gauza galduen artean, haren hilketa aitortzen duen grabaketa bat. Noiz aurkituko gainera, eta Galindo jenerala hil eta egun gutxitara.

Berdin du audioan nortzuk agertzen diren edo Zabalza zuzenean nork torturatu zuen. Hemen, tortura gauza normala izan da inpunitatez ibili diren polizientzat, eta are normalagoa, haren izatea ukatu arren, inkomunikazioa ahalbidetu eta babestu duen klase politikoarentzat. Dagoeneko bada torturaren erabilera onartzeko sasoia; ez dadila gure memorietako gauza galduen artean erori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.