Onintza Enbeita.
BIRA

Andaluzia

2021eko uztailaren 2a
00:00
Entzun
Ostiral arratsaldetan hartzen genuen autobusa, Bilbon. Goizaldeko seiak aldera iristen ginen Sevillara, eta han beste autobus bat hartzen genuen Huelvako geltokiraino. Beste autobus batek eroaten gintuen handik kartzelaraino. Sevillan agur egiten zigutenek Algecirasera, Jerezera eta Cadizera jarraitzen zuten autobusean. Itzuleran berdin, baina etxerako bidean. Batzuentzat bolada bat izan zen Andaluzia, eta beste batzuentzat bizitza osoa. Almeriaraino Mirentxinek eramaten gintuen normalean, baina kotxez eta hegazkinez ere joan izan ginen. Halako leku ederra kartzelarekin bakarrik lotzea gogorra egiten zitzaigun, eta lekuak ezagutzeko parada hartzen genuen sarritan. Guztiek ez dute barru hori izan; eta joan-etorriak amaitu direnean ere, nahiago izan dute beste leku batzuetara joan eta beste leku batzuetatik etorri.

Andaluziako kartzeletan zeuden euskal presoen zerrenda zerora jaitsi dela irakurri dut. Oroitzapenek urdaila estutu didate. Negarra atera zait. Ez dakit pozez edo momentuan gordetako minaren ondorioz izan den: Joxepa, Maddi, Santos... Inork ez lituzke bideak horrela urratu behar berea ez den zigor bategatik, eta inork ez luke bere zigorraren gainean zigor gehigarririk jasan behar. Ondo etorria izan bedi pauso bakoitza, baina iparra zein den ahaztu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.