Onintza Enbeita.
BIRA

Poza eta mina

2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Atzo Madrilera joan ziren 47 herritarrek ez omen dute urteetako kartzela zigorrik jasoko. Bai, berri ona da; baina urte batzuk dira hau dena hasi zela. Urte hauetan guztietan Damoklesen ezpata buru gainean dutela bizi izan dira, eta, azkenean, gehienek kartzelara joan beharko ez badute ere, ez dituzte errugabe bota. Euskal preso politikoen defentsa lanak egitea, haienganako elkartasuna antolatzea, kartzelan gaixorik hil ez daitezen artatzea. Hara hor delituak zein larriak diren. Erruak ez dizkiete kendu, baina poztu egiten nau kartzelara ez direla joango jakiteak. Atxiloketak eta atzoko Madrilerainoko bidaia ere sobera egon dira, bide batez. Ez hori bakarrik, epaituetako batzuk kartzelan egon dira dagoeneko, eta ez baldintzarik onenetan.

Batzuetan gure patua tristea dela iruditzen zait. Hainbesteko injustizietara ohitu gaituzte, ezen injustizia txikiak zortearen kolpeak direla pentsatzen baitugu. Zorte oneko gaude, denak ez dira kartzelara joango. Epaiketa bera justiziaren kontrako egitatea ez balitz bezala.

Baina bai: baina guztien gainetik pozik nago. Inori ezer kendu gabe, baina ez dakit ondo eutsiko niokeen Amaia edo Ibon kartzelatzeari. Ez dakit nola irentsiko dudan Arantza eta Jonena. Beti egin behar da aurrera, baina gure mina handia da dagoeneko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.